Lanbideren hamar bulegotako langileek eta zerbitzuaren erabiltzaileek apiriletik aurrera hatz marka digitalaren bidez azaldu beharko dute euren nortasuna, Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Enplegu sailburuak gaur jakinarazi duenez. Udan hasiko dira Lanbideren gainerako bulegoetan identifikazio modu hori ezartzen. Artolazabalek Eusko Legebiltzarrean eman du albistea, Laura Garrido PPko legebiltzarkidearen galderari erantzunez.
Lanbideren bidez enplegua edo gizarte laguntzak eskatzen dituzten herritar guztiak hatz marka digitalaren bidez identifikatzeko asmoen berri iaz eman zuen Enplegu sailburuak, Diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) egokitzeko neurri sorta baten barruan. Hala ere, Artolazabalek gaur azaldu duenez, sistema hau ez da bere garaian Javier Maroto Gasteizko Alderdi Popularreko alkate ohiak proposatutako bera. "EAJk Marotoren proposamena baztertzen jarraitzen du, hark kolektibo zehatz jakin baten identifikazioan jartzen baitzuen fokua. Gure proposamena oso desberdina da, kudeaketa hobetzen du eta Lanbideren erabiltzaile eta langile guztietara iristen da".
Hatz marka digitalaren identifikazio sistema hilabete batzuetan frogan izan dute Lanbideren egoitza nagusian. Sinadura digital zerbitzuak eskaintzen dituen Izenpe sozietate publikoarekin elkarlanean garatu dute.