Farmazeutikan diharduen Alemaniako Bayer multinazionalak AEBetako Monsanto erosi du, eta urrats erabakigarria egin du agrokimikoen sektorea irauli eta lider bihurtzeko: 58.800 milioi euro ordainduko ditu hazien eta ongarri kimikoen erraldoia bereganatzearen truke. Monsantoren akzio bakoitzeko 115 euro pagatuko ditu Bayerrek, eskaintza egin bezperan merkatuan zeukan balioa baino %22 gehiago; konpainia bat erosteko sekula egin den eskudiruko eskaintzarik handiena da.
Bayerrek, hala, amaitutzat eman ditu ia bost hilabete iraun duten negoziazioak: Monsantok Bayerren bi eskaintza baztertu ditu hilabeteotan —azkena, 55.000 milioikoa—, motz geratzen zirela iritzita. Azkenean, tematzeak fruitua eman dio Bayerri, eta ados jarri dira prezioan. Halere, aldeek espero baino gehiago luza daiteke prozesua. Lehia arduradunen oniritzia behar du akordioak —trabak jar ditzakete sektorea kontzentratzeagatik—, eta horrek ofizialki 2017. urte amaierara arte atzera dezake erosketa.
"Mehatxu bat"
Azken orduan akordioa hautsiko balute, 1.800 milioi euroren kalte-ordainak adostu dituzte. Alemaniako enpresa batek inoiz eginiko erosketa handiena da, eta azken hogei urteotako handiena. Bat egiteari esker, nekazaritzako produktu kimikoen %24 kontrolatuko du Bayerrek, eta hazien %30. Greenpeacek esana du bien arteko ezkontza "mehatxu bat" dela ingurumenarentzat eta nekazaritza iraunkorraren etorkizunarentzat: 60.000 milioi euro fakturatzen dituzte urtero.
Oro har, Monsantoren hazien negozioa eta Bayerren haztegien zaintzarena uztartzea hitzartu dute. Ezinbestekotzat jo, eta mundu osoari eragingo diola diote. "Nekazaritzaren aro berri batean sartu gara. Gure garaiko erronka nagusien erdi-erdian dago, eta, besteak beste, 2050ean 3.000 milioi pertsona gehiago modu iraunkorrean nola elikatuko ditugun erabakitzea dagokigu", azaldu dute akordioa iragartzeko oharrean.
Sektorea, fusioei so
Operazioak, halere, baditu arriskuak Bayerrentzat. Akziodun batzuk, esaterako, kezkatuta daude, uste dutelako erosketak enpresaren zorpetze handia areagotuko duela. Gainera, beldur dira ez ote duen Bayerren negozio eta jarduera ardatza farmazeutikoen ekoizpenetik agrokimikoenera aldatuko. Zorra eta akzioak uztartuta egingo du ordainketa Alemaniako etxeak.
Azken urteotan hazien prezioa jaitsi bada ere, horrek laborantza industria zigortu du, eta finantza egoera ezegonkorrean dago multinazional estatubatuarra, kili-kolo. AEBetako erraldoiak 66 herrialdetan du tokia, baina egokitzapen prozesua nozitzen dabil: azken bi urteotan, milaka langile kaleratu ditu. Sektorean, gainera, ugaritzen ari dira fusio handiak, eta joera horren logikari erantzuten dio Monsanto eta Bayerrenak. Iragan abenduan, Dow Chemical eta DuPontek ere bat egin zuten, eta ChemChinak Syngenta suitzarra erosi zuen otsailean, 39.000 euroren truke.