Lehen sektorea

Haziren marka ofizialen fakturazioa %7 handitu da

Eusko Label, Euskal Baserri eta Euskal Herriko Kantauriko Kontserbak markek, orotara, 152 milioi eurotik gorako fakturazioa izan zuten 2017an. Jaurlaritzak une honetan aukera ikusten du elikaduraren balio kate osoa egituratzeko.

Euskal Sagardoa jatorri izeneko sagardotarako sagarrak. EUSKAL SAGARDOA
Irune Lasa.
2018ko apirilaren 25a
14:43
Entzun

Iazko urtea orokorrean positiboa izan da Hazi fundazioak kudeatzen dituen marka publikoentzat. Orotara, haien fakturazioa %7 handitu da aurreko urtearekiko eta 152 milioi eurotaraino iritsi. Fakturazio horren zatirik handiena —145 milioi euro— Eusko Label markatik etorri da, emaitza %6 hobetuta. Euskal Baserriko elikagaien fakturazioa ere hazi egin da iaz, %62, bost milioi euroraino. Aldiz, Euskal Herriko Kantauriko Kontserben salmentak %13 jaitsi egin dira 2017an, bi milioi euroraino. Haziren iritziz, beherakada hori harrapaketen aldakortasunaren eta markaren ikusgarritasun txikiagoaren ondorio da.

Asier Arrese Haziko zuzendariak eta Bittor Oroz Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta elikagai politikako sailburuorde eta Haziko presidenteak  gaur goizean aurkeztu dute Fundazioaren memoria. Eusko Label produktuen artean Arabako Patatak, Euskal Baserriko Txerriak eta Euskal Baserriko arrautzak izandako ibilbideak azpimarratu dituzte. Arabako Patatak hiru ekoizle irabazi ditu eta azalera %15 handitu, orotara 3,5 milioi kilotik gora patata ekoizteko. Euskal Baserriko Arrautzak ere bilakera ona izan du 20,6 milioitik gora arrautza merkaturatuta. Euskal Baserriko Txerriaren ekoizle kopuruak ere gora egin du %25.

Euskal sagardoa

Bere ekimenen artean, sagardoaren adibidea nabarmendu du Hazik. Iazko ekainean merkaturatu ziren Euskal Sagardoa jatorri izeneko lehen botilak. Ehuneko ehunean bertako sagarrarekin eginda —115 sagar mota eta 200 hektarea sagasti—, iaz 1,32 milioi litro sagardo joan ziren sor-markara eta aurten kopuru hori handitzea espero du fundazioak.

Basque Label harategien egitasmoa indartzeko ere balio izan du joan den urteak, 21 harategi gehiago atxikitu baitira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Guztira 32 dira orain. Arreseren arabera, "Marka berri honekin harategi tradizionalen irudia eta kontzeptua aldatu nahi da; agerian jarri harategiek euskal abeltzainekin eta kalitatezko produktuekin duten konpromisoa".

Lan orokorragoetan, Hazik plataforma informatikoak garatzeko lanarekin jarraitu du "abangoardia teknologikoan egongo diren tresnak eskuratzeko". Izan ere, fundazioaren egiteko bat da elikaduraren balio katea osatzen duten enpresen lehiakortasuna eta kudeaketa hobetzeko irtenbide teknologikoak ematea Horretan ibili da 2017an, baita sektoreko erakundeen arteko "komunikazioen egituraketa hobetzen" ere.

Balio katearen garrantzia aipatu du Bittor Orozek ere. Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburu eta Haziko presidentearen ustez, "sektorea bere katebegi guztietan egituratzeko aukera handia dugu une honetan". Orozen arabera, "momentu ona da produktu berriak sortzeko, eraginkorrago eta iraunkorrago izateko, jarduera eta negozio eredu berriak sortzeko, inbertsioak eta turismoa erakartzeko gastronomiaren eta elikaduraren ekosistemara".

Bestalde, Hazik azaldu du laster Eusko Labelekin landutako produktu berriak merkaturatuko direla: Arabako Patata aurre-egosiak; Eusko Labeleko behi haragiarekin egindako albondigak, biribilkia saltsan, haragia arrautza-irinetan pasatua, lasagna eta sukalkia; eta Ibarrako Piparrarekin egindako pipersaltsa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.