EKONOMIA

Hazkunde ekonomikoaren kontura desberdintasun sozialak areagotzea egotzi dio ELAk Lakuari

Prekaritatea hedatu bitartean, enpresari handiei botere gehiago eman diela salatu du sindikatuak. Langabeen %59k ez dute inolako laguntzarik jasotzen, eta gazteen langabezia tasa Europako Batasuneko batez bestekoaren bikoitza da. ELAren aburuz, Confebask patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko "estrategia bateratuaren" ondorio dira datuok.

Ezkerretik eskuinera, Mikel Noval, Adolfo Muñoz eta Iñaki Salaberri. OIHAN VITORIA
Oihan Vitoria.
2016ko urtarrilaren 21a
08:14
Entzun

Langabeziaren jaitsiera kontratazioen hazkundearen parekoa izan da Hego Euskal Herrian. Guztira, 193.000 langabe inguru daude gaur-gaurkoz, aurreko hiruhilekoan baino 21.200 gutxiago. ELAren arabera, ordea, dominak jartzeko motiborik ez dago: langabezia tasa %13,7koa da, Europako Batasuneko batez bestekoa baino lau puntu handiagoa. "Tasa altuenetakoa da", sindikatuko arlo sozialeko arduradun Mikel Novalen hitzetan. Gutxi balitz, lanik gabe direnen %60 urtebetetik gora daramate enplegua topatu ezinik.

ELAk goizean aurkeztu du 2015eko enpleguaren bilakaerari buruzko txostena, eta gazteen egoera are makalagoa dela azaleratu du. Sindikatuak ohartarazi du Europako Batasuneko batez bestekoaren (%19,9) ia bikoitza dela Hegoaldeko gazteen langabezia tasa: %39,2. Adinekoen egoera ere kezkagarria iruditzen zaio ELAri. Geroz eta gehiago dira 55 urte baino gehiago dituzten langabeak (%10), eta urtez urte ari da hazten kopurua: iaz baino 700 gehiago dira aurten. Kontrapuntua da, hala ere, geroz eta laguntza apalagoak jasotzen baitituzte.

Baina zergatik gertatzen da hori? Espainiako Enplegu Zerbitzuak (SEPE), bereziki, nabarmen jaitsi duelako langabe bakoitzeko batez besteko gastua. Hiru arrazoi eman ditu Novalek: kobratzen dutenek are gutxiago jasotzen dutela (842 eurotik 425 eurora murriztu da ekarpena), sosik kobratzen ez dutenak gehiago direla (2009an %32 ziren, eta %59 dira orain) eta sorospeneko laguntzen pisua handitu dela kotizaziopekoen aldean.

222.000 emakume, lan egin ezinik

Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata, gainera, pobrezia mailaren azpitik dagoela esplikatu du Novalek. Hileko gutxieneko soldata 764,40 eurokoa izatea ez du askitzat jo ELAk. "Besteak beste, ez duelako islatzen ustez dugun aberastasuna: BPG barne produktu gordinaren %31,3 besterik ez da; Europan BPGaren %37,7koa da; azkeneko postuetan gaude". Halere, horri buelta ematea posible ikusten du sindikatuko eledunak: "Tarte handia dago gutxieneko soldata justuagoa bat izateko".

Genero desorekak ere badira. ELAren ikerketa bulegoko kide Iñaki Salaberriren esanetan, prekaritatea "latzagoa" da emakumeengan gizonengan baino: "Etxeko lanak egiten dituzten pertsonen %90 emakumeak dira, eta horrek ondorio latzak ditu; 222.000 andrek ez dute aukerarik lan merkatura jauzia egiteko".

"Propio erabaki dute"

Kontratazioa hazi egin dela onartu du Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak, baina ia kontratu guztiak aldi baterakoak direla txarretsi du: "Enplegua sortu da, bai, baina ez kalitatezkoa: hazkunde ekonomikoaren kontura desberdintasun sozialak eta prekaritatea areagotu dira". Gogor egin du erabaki horren erantzuleen kontra: "Gobernuek, Eusko Jaurlaritzak ere, eta patronalek propio erabaki dute prekaritatea hedatzea krisitik irteteko: bai lan munduan eta bai gizartean. Horretarako egin dituzte erreforma guztiak; erabaki politikoa da".

Batik bat, azken boladako jarrerek harritu dute Muñoz. Haren arabera, Eusko Jaurlaritza "inolako erreparorik gabe" ari da enpresarien alde eta langileen babesaren kontra. Confebask patronalaren eta Gasteizko gobernuaren arteko "estrategia bateratuaz" ohartarazi du: "Esparru guzti-guztietan sumatzen da; enpresetatik at nahi dituzte sindikatuak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.