ZERGA BILKETA

Hazkunde erritmoari eutsi dio Gipuzkoako zerga bilketak

Gipuzkoako Ogasunak %4,1 handitu du bilketa abuztura arte, eta iaz tarte berean baino 103,6 milioi euro gehiago bildu ditu. Zail du, halere, %7ko hazkunde iragarpena betetzea.

Jabier Larrañaga Ogasun diputatua, erdian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko irailaren 15a
09:01
Entzun

Abuztura arteko bilakaera positiboa BEZari (%1), PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (%4,2), lan etekinen atxikipenei (%2,5), estatuarekiko doikuntzei (%11,9) eta zuzeneko zergei (%4,5) zor die Gipuzkoak. Sozietateen gaineko zergaren itzulketak -%15,4 murriztu izanak ere eragina izan du. Hain justu, Jabier Larrañaga buru duen ogasuna izan da orain arte aurreikuspenetara gehien gerturatu eta erritmoari tinkoen eutsi diona. Apirilean %8,2ko abiaduran ari zen hazten bilketa, baina aldundiak ohartarazi zuen ezohiko datua zela hori. Ekainaren amaieran, hazkundea %5era jaitsi zen, eta %4,1ean mantendu da uda osoan.

Oro har, bide onean jarraitzen du Gipuzkoako zerga bilketak, baina ez atzera eta ez aurrera geratu da azken bi hilabeteotan. Abuztura arte, zehazki, iaz baino 103,6 milioi gehiago bildu ditu aldundiak. Hark kudeatzen duen BEZari erreparatuta, ordea, ez du esperotako igoera izan. Itzulketak 30 milioi haztearen (%7,7) eta lurraldeen arteko doikuntzak 6,7 milioi jaistearen (-%2,7) ondorioz, hankamotz geratu da, eta iaz baino 7,5 milioi gehiago batu ditu. Loteria eta apustu jakin batzuen sarien gaineko karga berezia ere gutxitu da zortzi hilabeteotan.

Sarrera gehiago, itzulketa gutxiago

Sozietateen gaineko zergaren itzulketak itzulketa, 24,8 milioi handitu da (%3) zerga horren kuota diferentzial garbia, iazko epe berarekin alderatuta. Bi arrazoi ditu aldaera horrek: batetik, errenta aitorpenaren kanpainako sarrerei eta zerga iruzurraren kontrako borrokari esker, sarrera gordinak 11,3 milioi hazi direla; eta bestetik, itzulketak 13,4 milioi apaldu direla. Aldundiaren arabera, kontuan hartu behar da kanpainako sarrerak abuztuan zenbatzen direla, eta itzulketak, berriz, urte bukaeran egingo direla.

Edonola ere, bilketak oso igoera ikusgarria izan beharko du hurrengo hilabeteotan iazko urrian eginiko aurreikuspena bete nahi badute. Hazkundea, oro har, ez da txikia, baina ez da iristen esperotako kopurura: zehazki, iaz baino %7 gehiago jasoko zutela kalkulatu zuten, 886 milioi gehiago. Arabako bilketa %2,96 hazi da abuztura arte, eta orain arteko erritmoa bizkortzen ez badu, nekez beteko du %5,5eko helburua. Bizkaiak hurrengo egunotan ezagutaraziko ditu datuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.