EKONOMIA

Hazkunde tasa apaldu egingo da aurten, Laboral Kutxak aurreikusi duenez

'Brexit'-aren ondorioz barne produktu gordinak hamarren batzuk galtzea posible dela uste du, baina ohartarazi du efektu kaltegarriena Europa batuaren proiektua bera zalantzan jartzea dela.

Joseba Madariaga eta Xabier Egibar, txostenaren aurkezpenean. LABORAL KUTXA
Ivan Santamaria.
2016ko uztailaren 18a
07:54
Entzun

Hego Euskal Herriko ekonomiak eutsi egingo dio hazkunde boladari, baina igoera joan den urtekoa baino txikiagoa izango da. 2015. urteari buruzko txosten ekonomikoa eta 2016-2017 urteetarako aurreikuspen eguneratuak aurkeztu ditu gaur Laboral Kutxako Ikerketa departamentuak, Bilbon.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina aurten %2,6 handitzea espero du kutxak, iaz eta abenduko aurreikuspenetan baino bi hamarren gutxiago. Datorren urteari dagokionez, beste bi hamarren txikiagoa izango da. Hots, %2,4. Nafarroarako aurreikuspenak apur bat hobeak dira: %2,7 aurten, eta %2,6 heldu den urtean.

Kalkuluak egin dira Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzearen alde botoa eman aurretik. Uneotan ondorio ekonomikoak zeintzuk izango diren esatea oso zaila dela azaldu du Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa zerbitzuko arduradunak. Uste du Europa batuaren proiektuari buruz sortu diren zalantzak direla ondorio txarrena, edonola ere. "Ziurgabetasuna txarra da industria sektore indartsuak dituzten herrialdeentzat", laburbildu du.

Ezkortasun horri aurre egiteko Europako erakundeek neurri gehiago hartu behar dituzte, Madariagaren aburuz. EBZ Europako Banku Zentralaren politiken eskutik inbertsioa sustatzeko ahalegin handiagoa eskatu du, besteak beste.

Enplegua, gora

Enpleguari buruz joan den abenduan egindako kalkuluari eutsi diote. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanpostu kopurua %1,8 handitzea espero du, eta %1,6 datorren urtean. Langabeziaren kalkulua ez du eguneratu, baina litekeena da abenduan espero zena baino txikiagoa izatea, lan egiteko adinean dauden herritarrak eta populazio aktiboa murrizten ari direlako. Aurten langabezia tasa %12,6 ingurura jaitsiko litzateke, abenduan kalkulatu zena baino %1,2 gutxiago. Nafarroari dagokionez, lanpostu kopurua %2,3 handitzea espero du aurten eta langabezaia tasa %11,6an amaitzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.