Aurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %0,2 bakarrik haziko dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Orain arte esku artean zuen aurreikuspen ofizialean baino hiru hamarren gutxiago dira. Jardunaren dinamismoa uste baino motelagoa izango da, baina datozen hiruhilekoetan ekonomiak ez du behin ere atzera egingo, Ogasun Sailaren arabera.
Hazkundea ez zela iragarritako %0,5era iritsiko aurreratu zuen Ogasun sailburu Carlos Agirrek joan den astelehenean. Uda arte gobernuak emandako mezu baikorrak moztu zituen iragarpen horrekin. Esaterako, BPGa gutxienez %0,8 handituko zela adierazi zuen Patxi Lopez lehendakariak joan den uztailean. Hilabete horretan ere defizit publikoaren aurkako neurriek ez zutela aurten hazkundea murriztuko ziurtatu zuen Agirrek.
Aurtengoaren emaitza ez ezik, heldu den urterako BPGarena ere berrikusi du gobernuak. Orain arte espero zena baino bi hamarren gutxiago izango dira (%1,4). Gastu publikoa mugatzeko erabakiek beste bi hamarren kendu zizkioten kalkuluari, orain dela hilabete batzuk.
2011. urteko hazkundeari buruzko datua oso esanguratsua da, adituen ustez %1,6 inguru hazi behar delako EAEko ekonomia enplegu garbia sortzen hasteko. Ogasun Sailak argitaratzen duen Koiunturaz aldizkariaren arabera, 2011. urteko lehen hilabeteak igaro arte ez da enplegu garbia sortuko. Langabezia tasa %9,2 inguruan kokatuko da - gaur egun %8,8 da-, eta heldu den urtea amaitu arte antzera jarraituko duela uste du departamentuak.
Industriak, zerbitzuek eta kontsumo pribatuak sostengatuko dute hazkundea. Eraikuntzak erortzen jarraituko du 2011n.
Hazkundea %0,2ra murriztu du orain Eusko Jaurlaritzak
Aurreikuspen ofiziala baino hiru hamarren gutxiago dira, eta heldu den urterako datua ere jaitsi du Ogasun Sailak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu