Euskal ekonomiari buruzko azterketa txostena aurkeztu berri du Laboral Kutxak: 2016ko bilakaeraren analisia eta 2017rako aurreikuspenak. Labur esanda, iazko urtea "ona" izan zela uste du bankuak, eta aurtengorako eta 2018rako ere "egoera gozoa" aurreikusi du: Hego Euskal Herrian %3 ingurukoa izango da hazkundea aurten eta datorren urtean. Zehazki, %3ko hazkunde tasa espero du Nafarroan, eta %2,9koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Iazkoa urte "ona" izan zen, "hazkunde sendoa, enplegu sorrera eta langabezia tasaren jaitsiera nabarmena izan zirelako". Horren eragileak bi izan ziren, txostenaren arabera: alde batetik, ekonomiaren barne debaluazioa; eta, bestetik, "oraindik pil-pilean dauden koiuntura faktore batzuk", hala nola EBZ Europako Banku Zentralaren diru neurriak eta lehengaien prezioen beherapena.
Bankuak gogora ekarri du "arrisku politiko" ugari zeudela iaz, baina, "zorionez", ez zutela eraginik izan aldagai ekonomikoetan. Hauek dira Laboral Kutxak zerrendatutako 2016ko mamuak: Txinako finantza desorekak, Erresuma Batuak EBtik ateratzea erabaki izana —hausturak merkataritza harremanean ekar ditzakeen aldaketengatik—, eta Donald Trumpek AEBetako presidentetza eskuratu izana —merkataritza arloko politika protekzionistengatik, batez ere—. Baina, esan bezala, uste baino eragin txikiagoa izan dute azkenean "arrisku" horiek.
Izan ere, Laboral Kutxak uste du aldagai ekonomikoek "sendotasun harrigarria" erakutsi dutela arriskuak arrisku: 2016an, BPG barne produktu gordina %3,1 handitu zen EAE Euskal Autonomia Erkidegoan, eta %2,9 Nafarroan; enplegua %2,9 hazi zen EAEn, eta %1,2 Nafarroan; eta langabezia tasa %12,6ra jaitsi zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %12,5era Nafarroan. Horrez gain, txostenean nabarmendu dute sektore guztiek balio erantsi gordinaren hazkunde erregistro positiboak izan dituztela, lehen aldiz azken urteetan.
2017rako eta 2018rako aurreikuspenak
Arriskuak, egon, hor egongo dira aurrerantzean ere. "Beti bezala, ziurgabetasun faktoreak aipatu behar ditugu". Brexit-ari buruzko negoziazioa da faktoreetako bat; bigarrena da AEBetako politika fiskalaren eta komertzialaren norabidea; hirugarrena, Alemaniako hauteskundeen emaitzak; eta azkena, Txinako ekonomiaren portaera.
Edonola ere, gaur egungo egoera "gozoa" dela iritzi diote Xabier Egibarrek eta Joseba Madariagak txostenaren aurkezpenean. Laboral Kutxako negozio garapenerako saileko zuzendaria da Egibar, eta Ikerketa zuzendaria Madariaga. Haien ustez, Herbehereetako eta Frantziako hauteskundeen emaitzek arindu egin dute brexit-ak eta Trumpen garaipenak eragindako tentsioa. "Gainera, Erresuma Batuko azken hauteskundeek indartu egin dute Europako Batasunaren jarrera negoziazioari begira". Horregatik, uda ostean Alemaniako hauteskundeak egitekoak badira ere, "egungo egoera gozoa dela esan genezake".
Barealdi horri esker, kalkulatu dute Hego Euskal Herrian %3ko erritmoan jarraituko duela hazkunde ekonomikoak 2018ra arte bederen. Hala eta guztiz ere, epe ertainerako erronkak "munta handikoak" direla ohartarazi dute bi hizlariek: "Erronka horien artean, beti bezala, bi hauek ageri dira: ekonomiaren produktubitatea hobetzea, eta biztanleria zahartzeak dakartzan arazoei aurre egitea".