Eurogunean bizkortu egin da ekonomiaren hazkundearen erritmoa aurtengo lehen hiruhilekoan. Euroaren herrialdeen barne produktu gordina (BPG) %0,6 hazi da urtarriletik martxora bitartean. Erritmoa bikoiztea esan nahi du horrek, aurreko bi hiruhilekoetan %0,3ko erritmoan hazi baitzen euroguneko ekonomia. Europako Batasunean, berriz, %0,5 egin du gora BPGak aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Lehen hiruhilekoaren erritmoan jarraituz gero, %2,4 haziko litzateke ekonomia aurten eurogunean, baina ez da hori Europako Banku Zentralaren aurreikuspena. Mario Draghik gidatutako bankuaren kalkuluen arabera, aurten %1,6 haziko da euroguneko ekonomia, eta %1,7 datorren urtean.
Eurostatek gaur emandako datuak iazko lehen hiruhilekoarekin konparatuz, %1,6 egin du gora ekonomiak eurogunean, eta %1,7 Europako Batasunean.
Energiaren merkatzea
Hazkundea indartzeak, ordea, ez du inflazio gorantz bultzatu. Alderantziz, joan den otsailean markatutako zenbaki negatiboetara itzuli da apirilean, -%0,2ra. Martxoan zeron geratu zen inflazioa, eta hilabetean bi hamarren hondoratu da. Iazko apirilarekin alderatuta ere bi hamarren egin du behera, zeron baitzegoen orduan ere. EBZren helburua inflazioa %2 izatera bueltatzea da.
Petrolioaren merkatzeak eragin du inflazioaren erorketa. Brent upelak urtarrilean 27, 7 dolarretara iritsita behea jo zuenetik garestituz joan da, baina oraindik 48 dolarren inguruan jarraitzen du prezioak, 2014ko ekaineko 115 dolarretatik oso urruti. Energiaren prezioak %8,6 ondoratu dira martxotik apirilera, Eurostaten arabera. Energiarena da tasa negatiboetan dagoen aldagai bakarra, gainontzekoak positiboan baitaude: %0,8ko inflazioa izan dute janari, alkohol eta tabakoaren prezioek, martxoan bezala, eta zerbitzuen tasa %1ekoa izan da apirilean, martxoan baino lau hamarren txikiagoa.