Europako Batzordeak hamarren bat handitu ditu hazkunde aurreikuspenak 2014. eta 2015. urteetarako. Olli Rehn Ekonomia gaietarako komisarioaren irudiko, produkzioa nahiz barne eskaera indartzen ari diren neurrian hobera egin du egoerak. Neguko ekonomia aurreikuspenak aurkeztu ditu gaur Rehnek. Horien arabera, euroguneko barne produktu gordina %1,2 haziko da aurten, eta %1,8 datorren urtean. Europako Batasun osoaren kasuan, hazundea %1,5 izango litzateke 2014an, eta %2 2015ean. Langabeziari dagokionez, eurogunean %12an geratuko da aurten, eta hiru hamarren jaitsiko da datorren urtean.
Batasuna osatzen duten bi herrialdeetan baino ez du ekonomiak atzera egingo aurten. Herrialde horiek Zipre (- %4,8) eta Eslovenia (- %0,1) dira. Udazkenean egindako aurreikuspenekin alderatuta, aldaketarik handiena Espainiaren kalkulua da. Aurretik hazkundea %0,5era mugatu zuen Bruselak, eta orain %1 izango dela uste du. 2015. urterako gauzak zeuden bezala utzi ditu, ordea: %1,7. Langabezia tasak %24 baino gehiago izango lirateke datozen bi urteotan, hala ere, eta 2015. urterako defizit muga betetzetik urrun ikusten du Mariano Rajoyren gobernua. Hortaz galdetuta, Rajoyk iragarritako zerga jaitsierei buruz propio ez du erantzunik eman nahi izan, baina muga betetzea eta aldi berean zergak jaistea "erronka" iruditzen zaio. "Hobe da gastu murrizketen bidez egitea, ekonomiari kalte gutxiago egiten zaiolako", Rehnen hitzetan.
Datorren astean, martxoaren 5ean, desoreka makroekonomikoak dituzten hamazazpi herrialdeei buruzko azterketaren emaitza jakinaraziko du Europako Batzordeak. Horien artean Espainia, Italia eta Frantzia daude, baina baita ere Alemania, gehiegizko superabita izateagatik ikertuta dagoen herrialdea.