Araba, Bizkai eta Gipuzkoara ere iritsi da ekonomiaren gainbehera globala. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, barne produktuak ez zuen inolako igoerarik izan uztaila eta iraila bitartean. Daturik txarrena da EAEko ekonomiak 2009ko azken hiruhilekoan atzeraldia gainditu eta hazkunde positiboari heldu zionetik. Uztailetik irailera eurogunea %0,4 hazi zen.
2011ko hirugarren hiruhilekoari dagozkion kontu ekonomikoen aurrerapena argitaratu zuen atzo Eustatek. Urte arteko tasan ere, hazkundearen makalaldia nabaritu da. Joan den urteko hirugarren hiruhilekoaren alderatuz, barne produktu gordinak %0,6 egin du gora. Daturik apalena da 2010eko udazkenetik. Gainera, Eusko Jaurlaritzak espero baino hamarren bat gutxiago izan da.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekonomia aurten %1,4 haztea izan zen Eusko Jaurlaritzaren lehen aurreikuspena. Haatik, neurgailu makroekonomikoak okertu egin zirenez, aldatzera eraman zuen, eta %0,8ra jaitsi zuen.
Industria, makalago
Euskal estatistika erakundeak heldu den astertean argitaratuko ditu kontu ekonomikoei buruzko xehetasun guztiak. Atzo egindako aurrerapenaren arabera, eraikuntzaren beherakadak bere horretan jarraitu du, eta industriaren ekarpena ere ahuldu da. Aldiz, zerbitzu sektoreak hobera egin du. Enplegua jaitsi egin da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta (0,4), eta baita ere aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta ere (%0,7).
Nafarroako Estatistika Erakundeak gaur jakinaraziko du herrialdeari dagokion datu aurreratua. Urte arteko tasan %1,8 izan zen azken hazkunde emaitza.
Hazkunderik ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Industriaren jarduera moteldu dela eta enplegua oraindik ere galtzen ari dela baieztatu du Eustatek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu