Hazkunderik gabeko urte hasiera aurreikusi du Confebaskek

2012an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %0,4 haziko dela eta 3.000 lanpostu galduko direla aurreratu duFamiliei eta enpresei finantzaketa bermatzeko neurriak eskatu ditu

2011ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Aurtengo aurreikuspenak egiterakoan hanka sartu zuen Confebaskek. 2010a baino urte hobea izango zela iragarri zuen, eta izan da, baina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia ez da %1,3 hazi, %0,7 baizik, eta hiru herrialde horietan ez dira 5.000 lanpostu berri sortu, 11.000 galdu baizik.

Krisiaren irteera atzeratu egin da, beraz, eta datorren urtean ere «ahul» jarraituko du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak. BPG barne produktu gordina ez da %0,4tik gora haziko, eta enplegu galera moteldu egingo den arren, beste 3.000 lanpostu galduko dira. Hala, langabezia tasa %11ra edo %11,5era ailegatuko da. Horiexek Confebaskek patronalak urteko azken agerraldian plazaratu dituen aurreikuspenak.

Urte hasiera bereziki zaila espero du patronalak, azken hilabeteotako joera ezkorra nabarmenduko delako. Ondorioz, lehen seihilekoan Arabako, Bizkaiko, eta Gipuzkoako ekonomia ez dela haziko aurreratu du Nuria Lopez de Gereñu idazkari nagusiak. Ekainetik aurrera, ordea, egoera hobetzea espero du, ekonomia hazten hastea. Hobetze hori, baina, euroguneko zorraren krisia eta finantza krisia konpontzeko egiten diren ahaleginen araberakoa izango da.

Aurten bezala, datorren urtean ere industria sektorea izango da sektorerik «dinamikoena», nazioarteko ekonomien hazkundeaz baliatuko delako. Horrela, %1,4 haziko dela uste du patronalak; aurtengo %2,3ko hazkundetik urrun, hala ere. Eraikuntza sektoreak, aldiz, gain behera segituko du (-%4,8), administrazioek herri lanetara diru gutxiago bideratuko dutelako. Zerbitzuen sektoreak, berriz, aurtengo %1eko hazkundeari eutsiko dio.

Lan merkatuaren bilakaera txarraren ondorioz, familiek gutxiago kontsumituko du (-%0,1). Eta inbertsioetara ere aurten baino diru gutxiago bideratuko dute enpresek (-%0,5), batez ere eraikuntza eta ekipamenduko ondasunen sektorekoek, finantzaketa lortzeko arazoengatik eta ekonomiaren bilakaeraren inguruko aurreikuspenak ezkorrak direlako.

Esportazioek BPGari egingo dioten ekarpena, ostera, %0,6 haziko dela uste du patronalak, nahiz eta euskal enpresek atzerrian egingo dituzten salmentak eta atzerriko enpesei egingo dizkieten erosketak aurten adinakoak izan ez.

Finantzaketa, ezinbestekoa

Patronalaren iritziz, bankuak familiei eta enpresei dirua uzten hastea funtsezkoa da ekonomia berpizten hasteko. Hori horrela, finantza erakundeak jasotako laguntzak ekonomia errealean inbertitzera behartzeko neurriak eskatu ditu Miguel Angel Lujua patronaleko presidenteak. Horrez gain, ezinbesteko jo du lan merkatuaren erreforma egitea, Europak Espainiarekiko konfiantza berreskuratzeko neurriak hartzea, jarduera ekonomikoa berpizteko zerga erreformak egitea eta lan merkatura sartzeko tresna gisa ekintzaletasuna sustatzea.

ELA sindikatuari, berriz, «ordezkaritzarik handiena duen sindikatua den aldetik» arduraz jokatzeko eskatu dio Lujuak, eta negoziazio kolektiboaren egitura definitzeko negoziazioetan parte hartzeko. ELAk negoziazio mahai horretan ez parte hartzea erabaki du, Madrilen negoziazio kolektiboaren erreformaren inguruan hitzartzen dutenak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hitzartzen dutena indarrik gabe utz dezakeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.