Arrantza

Hegaluzearen kuotak, %20 handiagoak 2020. urtera arte

Hegaluzearentzat 33.600 tonakoa izango da hurrengo hiru urteetako kuota. Hegalaburrarentzako kuotak ere handituz joango dira, 2020an 36.000 tonara iristeraino.

Hegaluzearenak harrapaketak garrantzitsuak dira euskal arrantzaleentzat. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Irune Lasa.
2017ko azaroaren 22a
15:47
Entzun

Harrapaketa kuota amaituta, hegaluzearen kanpaina bertan behera utzi behar izan dute aurten Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, baina hori gertatzea zailagoa izango da datorren urtean, ICCAT Atlantikoko Atunak Babesteko Nazioarteko Batzordeak kuota handituko duelako. Datorren urterako soilik ez, 2020. urtera arteko harrapaketa kuotak ezarri ditu ICCATek hegaluzearentzat, eta gehieneko kopurua aurtengo 28.000 tonatatik urteko 33.600 tonatara handitu du, hots, %20 gehiago. Espainiako banderapean aritzen diren ontziek gehienez 18.000 tona hegaluze harrapatu ahalko dituzte 2018. urtean.

Era berean, datozen hiru urteetan harrapaketen kontrolerako arau berri bat izango da indarrean, stockaren ebaluazioak aintzat hartuz kuotak automatikoki moldatzea ahalbidetuko duena. Horren bidez, neurri batean, eztabaida politikoak saihestu eta oinarri zientifikoek pisu gehiago hartzea nahi du Batzordeak.

Hegalaburraren harrapaketa kuotak ere handitu egin ditu ICCATek, "duela hamarkada bateko egoerarekin alderatuta, Atlantikoko atunaren egoera orokorra hobetu delako". Datorren urtean gehienez 28.200 tona hegalabur harrapatuko dira, 32.240 tona 2019an, eta 36.000 tona 2020an. Zenbait herrialdek, hori bai, hegalaburraren harrapaketa kuoten hazkunde bizkorragoa eskatzen zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.