Lan eta ospakizun eguna du gaur Hegan aeronautika eta espazioko euskal klusterrak. Batzar orokorra egiten ari da Arabako Parke Teknologikoan, Miñaon, eta elkartearen 20. urtemuga gogoratzeko ekitaldia egiten ari dira.
2017a urte ona izan zen klusterra osatzen duten 64 enpresa eta entitateentzat. Orotara, 2.245 milioi euro fakturatu zituzten mundu osoan dituzten 178 produkzio zentroetan, aurreko urtean baino %7,9 gehiago. Proportzio berean handitu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden lantegietako salmentak: 954 milioi izan ziren, guztira. Trafiko aeronatikoaren eta Airbus nahiz Boeing konpainiek entregatutako hegazkin kopuruaren igoerari lotzen zaio hobekuntza.
Enpleguari dagokionez, klusterreko bazkideek 14.457 langilerekin itxi zuten joan den urtea. 845 langile gehiago dira (+%6,2), eta horietatik 300 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortu ziren. Aurrera begira lanpostu gehiago beharko dituztela aurreratu dute, bereziki LH2ko espezialitate zientifiko eta teknikoei zuzendutakoak. Deia egin diete klusterreko arduradunek gazteei horien alde apustu egiteko, eta bereziki emakumeei.
2018. urterako aurreikuspen "zuhurrak" iragarri ditu Jorge Unda Heganeko presidente eta Sener konpainiako buruak. Fakturazioa %4 eta langile kopurua %2 handituko direla espero dute. Petrolioaren prezioaren igoerak eta sortzen ari diren gatazka geopolitikoek kezka piztu dute, ordea. "Muga zergak ez dira albiste ona", aitortu du Undak, AEBek Europako altzairuaren aurka indarrean jarritako neurriak hizpide hartuta. AEBak Iraneko akordiotik atera izanak izan ditzakeen ondorioen efektua jakiteko arinegi dela uste du, edonola ere.
Undaren azken urtea da karguan. Carlos Alzola ITPko zuzendari nagusiak ordezkatuko du agintaritzan.
Hegan klusterra 1997. urteko abendu eta urtarrila bitartean sortu zen, orain dela hogei urte. Hastapenetan, hamalau bazkide zituen, 325 milioi euroren fakturazioa zutenak. Salmentak zazpi eta enplegua sei aldiz biderkatzea lortu dute. "Sektore aeronautiko bat sortu dugu", azpimarratu du Undak.