HEGAZTI GRIPEA

Hegazti guztiak etxaldeetan itxita edukitzeko agindu du Frantziak

Europako Batasuneko beste hainbat estatu ere antzeko neurriak hartzen hasi dira, izurriari mugak jartze aldera

Erredakzioa
2006ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Europako Batasunean bizkor ari da zabaltzen hegazti gripea. H5N1 birusaren kasuak baieztatu dituzte Alemanian, Italian eta Grezian; eta susmo beltzak dituzte Eslovenian, Austrian eta Hungarian. Kezkatuta mintzatu ziren atzo agintari asko. Europako Batzordeak berak gaitzaren gaineko kontrol neurriak zorrozteko eskatu die estatu kideei. Frantziako Gobernuko agintariek, egoerari errotik heltzeko asmoz, etxaldeetako hegazti guztiak itxita edukitzeko agindua eman zuten atzo. Frantziako 58 departamendutan egon da orain arte hegaztiak libre haztea galarazita, eta atzo debekua gainerakoetara ere zabaltzea erabaki zuten. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko hegazti hazleek ere aintzakotzat hartu beharko dute debekua.

Kutsatzeak gertatzeko arriskua «larriagotu» egin dela ondorioztatu zuen atzo Frantziako Elikagaien Osasun Segurtasunerako Agentziak (AFSSA), eta irizpide horren arabera hartu zuen Gobernuak debekuaren erabakia. Bide batez, Europako Batasunari hainbat ahate eta antzar txertatzen hasteko baimena eskatuko diotela jakinarazi zuen atzo Nekazaritza ministro Dominique Bussererauk. Landasetan, Loire-Atlantiquen eta Vendeen hasiko dira txertaketak egiten.

Hegaztiak feria, erakusketa, azoka eta lehiaketetara eramateko debekua ere Frantzia osora zabaldu dute. Gaitza hegazti migratzaileen bidez helduko den susmoa dutela adierazi zuen atzo Bussererauk, eta, etxaldeetan zorroztu egingo dituztela kontrol neurriak. Etxalde guztien errolda egingo dute, eta kontrol neurriak zorroztu nahi dituzte basa hegaztien gainean ere.

Erabaki bera, leku gehiagotan

Gaitzaren gaineko kontrol neurriak zorrozteko abisua aintzakotzat hartu dute Europako beste hainbat estatuk ere. Herbehereetan, Suedian, Suitzan, Norvegian, Alemanian eta Eslovenian ere hegaztiak itxita izateko agindua eman dute. Danimarkan 100 hegaztitik gorako etxaldeetara mugatuko dute debekua. Belgikan, martxoaren 1ean sartuko da indarrean araua.

Espainiako Gobernuak, bere aldetik, kontrol neurriak areagotzeko asmoa du. Atzerriko merkantzien sarrera kontrolatzean jarri dute «lehentasuna». Nolanahi ere, Osasun ministro Elena Espinosak lasaitasun mezua zabaldu nahi izan zuen atzo. «Animalien osasunarentzat da gaur egun izurria arrisku». Hegaztiak libre hazteko galarazpena zabaltzeko asmorik ez dute momentuz.

Afrikan gaitzak izan dezakeen bilakaerak kezkatzen ditu Europan agintari eta aditu asko. Atzo Nigerian Ðbertan agertu dira hegazti kutsatuakÐ etxaldeetako jarduna kontrolatzeko neurriak hartu dituztela esan zuten, eta Senegalgo adituek ere kontrol neurriak hartzen hasi direla jakinarazi zuten.

Nolanahi ere, bitartean, izurria izaten ari den bilakaerari buruzko albisteek ez dute etenik. Atzo bertan Hungarian ustez gaitzak jotako beste 15 zisne aurkitu zituzten Danubio ibaian, eta ikertzera eraman zituzten. Alemanian, arrano bateraman zuten ikertzera, H5N1 birusarekin kutsatuta egon zitekeelakoan. Italiako osasun aginatriek, berriz, birusarekin baieztatutako kasuak dagoeneko zortzi direla jakinarazi zuten.

Ondorioak nabarmenak dira. Italian, esate baterako, hegaztiak eta arrautzak erosteari laga dio jendeak. Sukaldean ondo prestatuta badaude osasunarentzat arriskurik ez dagoela gogorarazi nahi izan dute Osasun Ministeriotik, baina jendea kezkatuta dago.

NEURRIAK



 

Europako Batasunak bi milioi euro jarriko ditu kontroletarako





Ia bi milioi euro (1,96 milioi) jarriko ditu Europako Batasunak (EB) hegazti gripeari aurre egiteko estatuek martxan jarri dituzten programa bereziak bultzatzeko. Lehengo urtean ja aurrekontu berezia esleitu zuen plan horiek martxan jartzeko, baina gaitza geratzea zail dela ikusita, diru laguntza gehiago onartzea erabaki zuen atzo Elikagaien Kateko Batzordeak. Bertan EB osoko adituak daude.

Diruz lagundutako planen helburua gaitzari aurrea hartzea da, eta maiztasun jakinarekin hegaztiei ikerketak egiten joatea, gaitzik duten jakiteko, eta kasuren bat agertzen denean neurriak hartzen ahalegintzeko. Programa hauen bidez urtea bukatu bitartean 60.000 basa hegazti kontrolatu nahi dira, eta etxaldeetan 300.000. Estatuek ikerketa horien guztien gaineko informazio zehatza eman behar diete EBko adituei.

Bide batez Europako Batasunak tratatu gabeko hegazti lumen inportazioa galaraztea erabaki du, produktu horiek ere izurria zabal dezaketen susmoa baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.