Hego Euskal Herrian 2005ean sinatutako kontratuen %92,6 aldi baterakoak izan dira

Enpresaburuek ezegonkortasuna langileak esplotatzeko erabiltzen dutela salatu du LABek

DONOSTIA
2006ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
«Hego Euskal Herrian lotsa emateko moduko prekarietate tasa dugu: %28». Garbi hitz egin zuen Rafa Diez LAB sindikatuaren bozeramaileak atzo, Donostian egindako agerraldian. «Europako Batasuneko batez bestekoaren bikoitza da, eta soilik Espainia du atzetik». Ondorio horiek atera ditu sindikatu abertzaleak Euskal Herriko 2005.urteko egoera sozioekonomikoaren azterketa egin ostean.

Aldi baterako kontratazioa ei da horren erantzule nagusia. Eta baita patronalak «iruzurra egiteko» darabilen tresna ere. «Enpresaburuaklangileen ezegonkortasunaz baliatzen dira haien aldarrikapenak isiltzeko, haiek esplotatzeko eta euren mozkinak maximotzeko». LABen hitzetan, iaz, halakoak izan ziren sinatutako kontratuen %92,6. Gainera, hamarretik zortzik ez zituzten hiru hilabeteak gainditu. Eta urtebeteko iraupenera, berriz, ehun kontratutik hiru baino ez ziren iritsi. Egoerarik latzena gazteena eta emakumeena dela esan zuen Diezek. Eta horregatik dituztela «bizitza proiektu bat antolatzeko zailtasunak».

Baina egoera «oso larria» izanagatik, zeregin handirik ez dutela argitu zuen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute lan arloko arauak egiteko eskumenik. «Beraz, zer da Azkarragaren lan politika berria delako hori? Itxura hutsa».

Hala, LABek prekarietateari aurre egiteko neurriak hartuko dituela iragarri zuen, baina, duen «gaitasunaren arabera». Aurrerantzean, enpresa edo sektoreko lan hitzarmenak negoziatzerakoan, baldintza gisa jarriko du prekarietateaz hitz egitea. Eta gauza bera egiteko eskatu zien langileei ere.

Ipar Euskal Herrian eta Frantzian Lehen Lan Kontratuak sortu dituen liskarrez jarduteko beta ere hartu zuen LABen bozeramaileak. «Frantziako Gobernua Espainiakoaren bide beretik» dabilela ohartarazi zuen. «Jarrera horrekin heriotza politikoa besterik ez du lortuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.