Bederatzigarren hilabetezjarraian, martxoan ere gora egin du enplegurik gabekoen kopuruak Hego Euskal Herrian. 159.401 lagun daude INEMen bulegoetan izena emanda, otsailean baino 6.369 gehiago eta iaz garai berean baino 53.227 gehiago. Hau da, urtebetean %50,12igo da langabezia, eta hilabetean %4,16. Gorantz segitu arren, aurreko hilabeteetan baino gutxiago igo da tasa martxoan, azken sei hilabeteetako gutxiena hain zuzen.
Proportzioan, enplegurik gabekoen kopuru handiena Nafarroak du. Biztanle aktiboen %12,49 ari dira lan bila han, urtebetean %62,43 handitu baita langabezia. Araban, %56,54 igo da; Gipuzkoan, %45,73; eta gutxien Bizkaian, %44,59.
Sektoreka, industriari eta eraikuntzari eragin die gehien enplegu galerak. Hurrenez hurren, %10ean eta %12an ugaritu da lanik gabekoen kopurua. Noski, haien egoera okertu izanaren ondorioz, kontsumoa ere murriztu egin da, eta zerbitzuen arloan gero eta langabe gehiago dago.
Martxoan lanik gabe geratu diren gehienak gizonezkoak izan dira; halere, oraindik emakumeen langabezia handiagoa da. Bereziki kezkagarria da gazteen egoera.Urtebetean 25 urtetik beherakoen artean %87 inguru igo da.
Datuen berri izan ostean, haserre hitz egin zuten sindikatuek. «Greba orokorra biziki justifikatuta dago», adierazi du ELAk, maiatzaren21erako LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hirurekin batera antolatutako protestari erreferentzia eginez. «Datuak egoeraren larritasunaren adibide dira, eta egoera horretara eraman gaituzten enpresa politika eta gobernuen aurrean sendo erantzutera behartzen gaituzte».
Nahiz eta Euskal Herriko egoera ekonomikoa nazioartekoa baino hobea izan, langabezia nabarmen gehiago ari dela igotzen salatu du. «Europako Batasunean, esaterako, urtebetean %18,7 handitu da».
ELAk jakinarazi duenez, gainera, lanik gabe dauden hiru lagunetik batek ez du dirurik jasotzen. Kotizatutakoaren araberako saria jasotzen dute %49,3k, eta %17,1ek kotizatu gabekoa, kopuruz txikiagoa hain justu.
LABen iritziz, langabezia datuak «benetan txarrak» dira, eta argi erakusten dute krisia «langileak beren larrutik» ari direla ordaintzen. Administrazioaren jarrera ere kritikatu du. «Arduragabekeriaz, patronalari eskatzen duen guztia ematen ari dira, euren beharretara moldatutako konponbideak planteatzen dituzte».
Espainian, %3,5eko igoera
Hego Euskal Herrian, Espainiarekin alderatuta, krisia geroago hasi zen enpleguari eragiten. Martxoan, ordea, han baino gehiago igo da, hirugarren hilabetez jarraian. INEMek guztira 3.605.402 langabe zenbatu ditu, otsailean baino %3,5 gehiago. Hego Euskal Herrian %4,16 igo da.
«Horrek erakusten du krisiak oraindik ez duela behea jo, eta baieztatu egiten ditu gure aurreikuspenak. Krisiak Euskadiri gehiago eragingo ziola esaten genuen, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak entzungor egin», gaitzetsi du CCOOk. Urtearteko datuei erreparatuz gero, Hego Euskal Herrikoak hobeak dira, Espainian %56,69 handitu baita urtebetean.
Enplegu faltaren ondorioz, Espainiako Gobernuak otsailean2.610 milioi gastatu zituen langabezia sarietan, iaz baino %71,1 gehiago.
Hego Euskal Herrian %50 handitu da langabezia iaztik
Martxoan %4,16 igo da enplegurik gabekoen kopurua, aurreko sei hilabeteetan baino zertxobait gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu