Hego Euskal Herrian %54,6 igo egin da langabezia urtebetean, INEren arabera

2008ko laugarren hiruhilekoan 113.600 langabe zenbatu ditu erakundeak, 2007koan baino 39.900 gehiago

MIREN GARATE / DONOSTIA
2009ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
2008ko laugarren hiruhilekoan 2007koan baino 39.900 langabe gehiago zenbatu ditu INEk Hego Euskal Herrian, guztira 113.600. Erakundeak emandako datuen arabera, urtebetean %54,6 igo egin da enplegurik gabekoen kopurua, eta langabezia tasa %5,40etik %8,28ra igo da. Kezkagarriena da 39.900 langabe horietatik erdiak baino gehiago, 24.200 hain zuzen, azken hiruhilekoan geratu direla lanik gabe.

Langabeziaren igoera ez da inondik ere sorpresa izan, are gutxiago Eustatek eta INEMek aurrez emandako datuek ere hori bera erakusten zutela ikusita. Eta azken asteetan izandako enplegua erregulatzeko dosierren ostean inor ez du harrituko hiruhileko honetan ere gora egiteak.

Araban izan da igoerarik handiena. Hirugarren hiruhilekotik laugarrenera, langabezia tasa%4,24tik %7,41era igo da. Lehen hura zen Hego Euskal Herrian langabe gutxien zuen herrialdea, orain, berriz, Gipuzkoa da. Han ere gora egin du enplegurik gabekoen kopuruak, baina neurri txikiagoan: %4,8tik %6,67ra. Nafarroan, %7,09tik %8,12ra igo da, eta Bizkaian, %7,78tik %9,57ra.

Herrialde horretan, gainera, langabezian zeuden emakumeen kopuruak %10eko maila gainditu du. Gainerakoetan ere, gizonezkoak baino emakume gehiago ari dira lan bila. %7,49koa da batzuen langabezia tasa, eta %9,24koa besteena.

Espainian baino hobeto

Hego Euskal Herriko datuak ez ezik, Espainiakoak ere jakinarazi zituen atzo INEk. Han, egoera dezente okerragoa da. 3.207.900 lagun ari dira enplegu bila, eta langabezia tasa %13,91 da. 2000. urteaz geroztik izandako kopururik handiena da hori. Gainera, estatistika erakundeak egindako kontaketaren arabera, 827.000 familia baino gehiagotan etxeko biztanle aktibo denak zeuden langabezian. Iaz 385.500 kasu soilik zeuden.

Dena den, Hego Euskal Herriak Espainiako datuak hobetzen baditu ere, Europako mailatik behera dabil. Eurostatek emandako azken datuen arabera, euroguneko batez besteko langabezia tasa %7,8koa da, eta Europako Batasunekoa, %7,2koa.



Erreakzioak

ELA
Europako Batasunean langabezia tasa 0,3 puntu igo dela eta Hego Euskal Herrian 2,6 puntu igo dela esan du ELAk. «INEk emandako datuek argi erakusten dute Europan baino enplegu gehiago ari direla deuseztaten hemen, nahiz eta ekonomiak bilakaera hobea izan», azaldu du Julene Gabiola sindikatuko azterketa bulegoko kideak. Haren hitzetan, behin-behinekotasun tasa altua izan da langabezia igoeraren arrazoietako bat. Aldi baterakokontratua zuten 37.000 langile kaleratu dituztela gogorarazi du.

LAB
Nafarroako egoerak kezkatzen du bereziki LAB. Sindikatuak nabarmendu du 2007ko laugarren hiruhilekotik iazkora %93,1 igo dela herrialde horretan enplegu bila zebiltzanen kopurua. Era berean, langileen behin-behinekotasun handia gaitzetsi du, eta baita azkenaldian izandako enplegua erregulatzeko dosierrak ere. Lanpostuak bermatzearen beharra eta kalitatezko enpleguak sortzeko formula berriak aldarrikatu ditu LABek. Izan ere, haren arabera, aspaldian asko ari dira okertzen Euskal Herriko langileen lan baldintzak.

CCOO
CCOO sindikatuak errealitatea ezkutatzea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari. Haren esanetan, hori ez da arazoak konpontzeko bidea, eta egoera ez da konponduko alde bakarrak onartutako neurriekin ere. Sindikatuen parte-hartze «aktiboagoa» eskatu du CCOOk. «Enplegu behatokietan egon behar dugu, haietan diagnostikatzen direlako arazoak. Halaber, mahai sektorialetan parte hartu behar dugu arazo horientzat konponbideak aurkitzeko». Krisiari aurre egiteko enpresaburuek proposatutako neurri bakarra enplegua deuseztatzea izan dela gaitzetsi du.

EAJ
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak Espainiakoaren alderatu ostean, Pedro Azpiazu EAJko Espainiako Kongresuko ekonomia gaietako bozeramaileak ondorio nagusi bat atera du: «Gure gobernua gauzak ongi egiten ari da». Haren esanetan, EAE gai izan da ekonomia garai berrietara egokitzeko, eta horri esker du langabezia txikiagoa. Haatik, Espainiako Gobernuak ez du asmatu. «PSOEk erakutsi du ez dela gai eredu ekonomikoa aldatzeko». Hori dela eta, alderdiak eredutzat hartu behar lukeela EAEko ekonomia uste du Azpiazuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.