Pentsiodunen erdiak “miserian” bizi direla salatu du Eskubide Sozialen aldeko Hego Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak gaur goizean Bilbon egindako agerraldian. Mikel Argiñarena plataformako kideak azaldu duenez, erdiek ez dute 600 euroko diru sarrerarik. “Hori miseria bat da Euskal Herrian”. Horregatik, alde batetik, sariak 1.080 euroraino osatu daitezen eskatu dute, “pentsiodun guztiek diru sarrera duina izan dezaten”; eta, bestetik, Euskal Erakunde Publiko baten beharra exijitu dute, Babes Sozialaren eta Mendekotasunaren kudeaketa osoa egiteko.
Duela hilabete plataformak Herri Ekinbide Legegile baten bitartez luzatu zizkion eskaera horiek Eusko Legebiltzarrari, baina joan den asteazkenean atzera bota zuen legegaia tramitatzeko eskaera Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiak, eskuduntzak gainditzen dituela argudiatuta. Hala ere, plataformaren ustez, borondate politiko falta dago ezetzaren atzean. “Ados jarri dira Pentsiodunen Plataformek Legebiltzarrean aurkeztutako HELari parlamentuko eta gizarteko bidea galarazteko. Hau da, herritarroi ukatu egin digute pentsio duinak eskatu ahal izatea eta parlamentuan milaka hiritarren eskaria eztabaidatzea”.
EAJk hauteskunde erreklamo gisa Gernikako Estatutuan aurreikusitako eskumen ekonomikoak erabili dituela salatu du plataformak eta praktikan Alderdi Popularra eta Alderdi Sozialistarekin elkartuta Madrileko Legeak “txintxo-txintxo” betetzen dituela. Iruñean ere testu berdina aurkeztu zutela jakinarazi du, nahiz eta oraindik ez duen erantzunik jaso. 2016. urte hasieran sinadura bilketa zabal bati ekingo diotela argitu dute. “Ez da Legegilea izango baina bai zeharo legezkoa”.
Argiñarenak nabarmendu du politikariek errealitatea desitxuratzen dutela datuekin. “Askotan entzuten da hemen batez beste mila eurotik gora kobratzen dutela pentsiodunek. Gauza bat da batez bestekoa zenbatekoa den eta beste bat nola dauden banatuta ikustea. Pentsiodunen erdiak ez dira 600 eurora iristen; hortik gora, badaude diru sarrera kopuru handiak dituztenak”. Bere esanetan, bataz bestekoak “puztu” egiten dira. Xabier Isasa kideak beste datu bat jarri du mahai gainean: 600 euroko langara iristen ez direnen artean, berezik emakumeak daude.
Era berean agintariek pentsiodunak kriminalizatu dituztela salatu du Argiñarenak. “Behin eta berriz esan digute pentsioen krisia pentsiodunon adinak eragin duela. Orain lehen baino gehiago bizitzeko azala dugula esan digute, zama jasanezina garela. Baina hemen zergak ordaintzen ez dituztenak beste batzuk dira. Miseriazko kontratuak egiten dituzten enpresariak. Lan prekarioek ez dituzte zergak ordaintzen; lan-ordu asko, baina ordaindu, erdia”.