Hego Euskal Herrian %0,4 garestitu ziren prezioak abuztuan, eta, beraz, %1,7 urtea hasi zenetik. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, Kontsumo Prezioen Indizea Araba eta Bizkaian hazi zen gehien abuztuan, %0,5na. Gipuzkoa eta Nafarroan apalagoa izan zen hazkuntza: %0,3 eta %0,4 garestitu ziren prezioak, hurrenez hurren.
Urte arteko datuei erreparatuz gero, Gipuzkoa da prezioak gutxien garestitu diren herrialdea, %2,9 zehazki. Araban, Bizkaian eta Nafarroan %3,2 eta %3,4 artekoak izan dira igoerak.Espainian, berriz, prezioen garestitzea %0,4koa izan zen aurreko hilabetean. %1,8koa urtea hasi zenetik pilaturikoa. Ekonomistek salatu dute Espainiako Gobernuak urte guztirako aurreikusitako %2ko inflaziotik oso urrun dagoela abuztuko proportzioa. Hori gutxi balitz bezala, aintzat hartu behar da joan den urtean prezioak bortizki garestitu zirela abuztuan, beroa dela eta, elikagaien prezioa nabarmen igo zelako. Hego Euskal Herriko KPI %0,3 eta %0,6 bitartean hazi zen.Aisia eta kulturarekin erlazionaturiko jarduerak garestitu ziren gehien aurreko hilabetean. Era berean, hoteletako eta jatetxeetako zerbitzuek, kafeak eta garraioak ere KPIren hazkuntza eragin zuten. Udako merkealdia dela eta, ordea, merkatu ziren jantzi eta oinetakoen prezioak.
Urtarriletik %6 garestitu da garraioa, petrolioagatik
2004. urtea hasi zenetik, berriz, garraioaren prezioaren igoera izan zen esanguratsuena Hego Euskal Herrian, %6 ingurukoa. Izan ere, petrolio garestia dela eta, gora eta gora egin zuen garraioetako prezioak. Alkohola eta tabakoa ere %5 inguru garestitu ziren Hego Euskal Herrian urtarriletik abuztura bitartean. Hoteletako eta jatetxeetako zerbitzuak eta kafeak ere neurri berean garestitu ziren.
Langileen ordezkariek prezioen etengabeko hazkuntza gaitzetsi zuten, eta egoerari aurre egiteko neurri eraginkorrak aldarrikatu zituzten. Abendura bitartean lau hilabete baino gelditzen ez direla eta jada Hego Euskal Herriko KPI pilatua %1,7koa dela azpimarratu zuen ELAk. «Urtero gertatzen den moduan, Espainiako Gobernuak eginiko aurreikuspenak betetzea zaila izango da».ELAk ohartarazi zuen aurreikuspenak ez betetzea oso kaltegarria dela, «batik bat KPIren araberako lan hitzarmenak negoziatzen dituzten beharginentzat». Horrenbestez, aldarrikatu zuen hitzarmenak negoziatzen ari direla, iragarritako KPI baino, aurreko urtean benetan izandako KPIn erabiltzea.LABek ohartarazi zuenez, erregaiaren prezio garestiak AEBk, Txinak eta Japoniak bultzaturiko susperraldi ekonomikoa kolokan jarri dezake. Garatutako herrialdeek petrolioarekiko duten menpekotasuna «beste behin» agerian geratu dela ohartarazi zuen sindikatuak. Hori gutxi balitz bezala, «langileen soldaten eskuratze ahalmena etengabe murrizten ari da», salatu zuen.Euskadiko CCOOk «joera aldatzeko neurri eraginkorrak» aldarrikatu zituen eta inflazioa eragiten duten sektoreak gehiago kontrolatzeko. «Gizartearentzako hazkuntza jasanezina» dela ohartarazi zuen sindikatuak eta «prezioei gora eragiten dien espekulazioa» gaitzetsi zuen.UGTk «kezkagarria» iritzi zion prezioen igoerari, «egunetik egunera pobreago bihurtzen ari garelako». Lan hitzarmenetan inflazio iragarpenak betetzen ez direnerako klausula bereziak jasotzeko aldarrikatu zuen Javier Bermejo Sindikatu Ekintzako idazkariak.Confebask patronalak, ordea, ez zituen neurri berak proposatu. Enpresen arteko lehiakortasuna sustatu eta merkatuak liberalizatzeko eskaera egin zuen. «Soilik era horretan zuzendu ahal izango dugu egoera». Lehiakideek baino prezio garestiagoak izatea arriskutsua dela ohartarazi zuen.
Hegoaldean %0,4 garestitu dira prezioak abuztuan
KPIren urte arteko hazkuntza %3,2koa izan da. Sindikatuek ohartarazi dute «langileen eskuratze ahalmena gero eta txikiagoa» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu