Finantzak

Hegoaldean 173 langile kaleratuko ditu Banco Popularrek

LABek ohartarazi du eragin "ikaragarria" izango duela Bilbon eta Iruñerrian, eta bankua lehiatzeko desabantailan geratuko dela leku horietan.

Banco Popularreko presidentea, Angel Ron, erakundearen emaitzak aurkezteko agerraldi batean. EMILIO NARANJO / EFE
Ivan Santamaria.
2016ko urriaren 25a
10:28
Entzun

Ondorioak izango ditu Euskal Herrian ere Banco Popularrek aurkeztu duen enpleguaren erregulaziorako eskaerak. LAB sindikatuak emandako datuen arabera, hamazortzi bulego itxiko dituztela iragarri du finantza erakundeko zuzendaritzak. Guztira, 173 lanpostu galduko direla ohartarazi du sindikatuak.

Plan horrek ondorio handiak izango lituzke Bilbo hiriburuan eta Iruñerriko eskualdean. Eremu horietan, bankuak lekua galduko luke lehiakideen aldean, LABen ustez. Guztira, 2.900 langile kentzeko asmoa du Popularrek, lantaldearen %22,8. Diruz lagundutako kaleratzeen eta mugikortasun geografikoaren bidez mila lanpostu egokitu nahi ditu enpresak. Beste 1.900 lanposturentzat erretiro aurreratuaren antzeko formula proposatu du.

LABek borondatezko lanuzteak egitea nahiago du, eta aldi baterako erregulazioen bidez egoerari aurre egitea, behin betiko kaleratzeak egin ordez. Diruz lagunduta lanpostua uzteko aukera eskaintzea ere onartuko luke.

Erregulazioaren aurka protestara deitu du sindikatuak biharko. Arratsaldean bilkura egingo du LABek, Popularrek Bilbon duen egoitza nagusiaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.