Hego Euskal Herriko langabeen kopurua %6,53 murriztu zen 2004an, INEren arabera. Espainiako Estatistika Erakundeak jakinarazi duenez, 101.700 langabe ziren Hegoaldean, 2003an baino 7.100 gutxiago, beraz. %8koa da Hegoaldeko langabezia tasa. Herrialdeei erreparatuta, urtez urte Araban soilik hazi zen langabezia. Nafarroan, ostera, %19,15 murriztu zen.
2.900 langabe gutxiago ziren, zehazki, Nafarroan. Bizkaian eta Gipuzkoan ere behera egin zuen kopuruak, neurri apalagoan. %7,45 eta %2,36 langabe gutxiago islatu zituen INEk, hurrenez hurren, Biztanleria Aktiboen Inkestan. Araban, ostera, bilakaera alderantzizkoa izan zen. Langabeen kopuruaren urtez urteko hazkundea %6,15ekoa izan zen.Gizonezkoen langabezi tasa nabarmen murriztu zen Hegoaldean. Emakumezkoenak ere behera egin zuen, baina bost aldiz gutxiago. Zehazki, gizonezkoen artean %11,51 langabe gutxiago ziren, %2,12 emakumeen kasuan. 2004an behera egin zuen arren, Hego Euskal Herriko emakumeen langabezia tasa gizonezkoena baino nabarmen handiagoa da.2003an baino 7.100 langabe gutxiagorekin, Hegoaldeko langabezia tasa %8koa da. Nafarroa eta Bizkaia aurrez aurre dira. Nafarroakoa da tasarik apalena, %4,68koa. Bizkaikoa, ostera, %10,46koa da. Tarte horretan dira Araba eta Gipuzkoa, hurrenez hurren, %8,98ko eta %6,25eko langabezia tasekin.2004ko hirugarren hiruhilekotik laugarrenera bitartean, berriz, langabeen kopurua 1.300 lagunetan murriztu zen, gizonezkoen zifrak eraginda. Izan ere, urritik azarora bitartean 5.600 gizonezko langabe gutxiago ziren. Aurreko hiruhilekoan baino 4.200 emakumezko langabe gehiago ziren, ordea.Espainian 120.000 lagun gutxiago ziren behar gabe eta langabezia tasa %10,38koa zen. Martxoan %11,2koa zela ohartu zuen PSOEk. Frantzian urtez urteko langabezia tasaren hazkundea 0,2 puntukoa zen. Iazko abenduan langabezia tasa %9,9koa zen, %9,7koa 2003ko abenduan. 2004ko azarotik abendura %0,2 murriztu zen.
%117ko istripu tasa
Emaitzak «onargarriak» izanagatik gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aldeak «oso esanguratsuak» direla ohartu zuen LABek. Ohiko legez, egoerarik kaskarrena emakumeena eta gazteena dela salatu zuen.
Sortzen den lan «apurra» baldintza «prekariokoa» dela gaitzetsi zuen, «aldi baterako lanpostuak nabarmen hazi baitira». 2004an Hegoaldean izenpetu ziren kontratuen %92,5 behin-behinekoak zirela salatu zuen. Laneko istripuetan hildako beharginak ere gogora ekarri zituzten. «Lan istripuetan langile asko hil dira, alde baterako kontratazioak eragin zuzena baitu». Aldi baterako langileen istripu tasa %117,2koa da, %52,5ekoa behin betikoena.
LANGABEZIA
Hegoaldean 7.100 langabe gutxiago
Hego Euskal Herrian %6,53 langabe gutxiago zenbatu zituen INEk joan den urtean, 101.700 guztira, eta %8koa zen langabezia tasa; Araban soilik hazi zen kopurua eta Nafarroan %19,15 murriztu zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu