Hegoaldean 84.900 langabe zeuden iaz, %16,51 gutxiago

INEren inkestaren arabera, %6,3ra jaitsi da Hego Euskal Herriko langabezia tasa

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Baikorrak dira INE Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuak; Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, Hego Euskal Herriko langabe kopurua nabarmen murriztu zen iaz. Datu horiei erreparatuz gero, 2005eko abenduan aurreko urtean baino 16.800 pertsona gutxiago (-%16,51) ari ziren lan bila Hegoaldean; 84.900 guztira. Hala, langabezia tasa %6,3ra jaitsi zen, 1,7 puntu galduta.

Edonola ere, herrialdeen arteko aldeak esanguratsuak dira; Nafarroan, batik bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmena izan zen langabe kopuruaren jaitsiera (-%16,67; -%9,74 eta -%13,68; hurrenez hurren), baina Nafarroan indartsu egin zuen gorantz lan bila ari zirenen zenbatekoak. INEren datuen arabera, 17.800 langabe zeuden Nafarroan 2005eko azken hiruhilekoan, aurreko urtean baino %17,9 gehiago.Artean ere, langabeen erdiak baino gehiago emakumeak ziren. Zehazki, %53,23 ziren emakumeak; %46,76 gizonak. Beharrean diharduen langile kopurua, berriz, %8 handiagoa da. Bizkaian eta Nafarroan igo ziren gehien (%9,26 eta %12,42, hurrenez hurren).

Edonola ere, zenbaki dantza nabarmentzekoa da. Hilaren 3an INEMek jakinarazi zuenez, bere bulegoetan izena emandako Hego Euskal Herriko langabeak 105.682 ziren 2005ean, eta %8,02koa zen langabezia tasa. Duela astebete, Eustatek plazaratu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 49.100 langabe zirela, bere inkestaren arabera.

Aldi baterako kontratuak nagusi

INEMen datuak lehen begi kolpean «oso baikorrak» direla aitortu du LABek, baina lanpostuen prekarietateagatik kexu da.«Sortzen den enpleguak lan baldintza prekarioak ditu oinarri, eta are gehiago emakumeen eta gazteen kasuan». Iaz Hego Euskal Herrian izenpetu ziren hamar lan kontratutik bederatzi baino gehiago (%92,6) aldi baterakoak zirela salatu dute.

«Zentzugabeko prekarietateari eta lan ezbeharrei aurre egiteko patronalek kontratuekin iruzur egitea» eragotzi behar dela azpimarratu dute. «Kontu handiz aztertu behar dira datuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.