Hego Euskal Herriko jarduera ekonomikoaren jaitsiera ez da inguruko ekonomietakoa bezain nabarmena; enpleguaren galera, aldiz, «bat-batekoagoa» eta «indartsuagoa» izaten ari da. LABek administrazioek krisiaren aurrean zabaldutako mezu positiboen ifrentzua erakutsi nahi izan du: enpleguaren galera «asaldagarria».
Iaz urte amaieran 1.259.300 lagun zeuden okupatuta Hego Euskal Herrian, Espainiako Estatistika Erakundearen (INE) arabera. 2007an baino 29.900 gutxiago. Lanpostuen galera %2,3koa izan zen. LABek nabarmendu du Europako Batasunean (EB)bi herrialdek bakarrik gainditu zutela portzentaje hori: Letoniak (%5,4) eta Espainiak (%3).
ELAk otsailean emandako datuen arabera, egoera gordinagoa da: iaz 34.000 lanpostu galdu ziren Hego Euskal Herrian, eta langabezia tasa %2,9 igo zen, Europako Batasunean halako bost.
LABek, neurri handi batean,Espainiako lan araudiari leporatu dio jaitsiera, araudi horrek baldintzatzen baititu lan harremanen eredua eta lan merkatua Hego Euskal Herrian. «Alegia», dio sindikatuak, «prekarietate handia eta soldata apalak». Espainiaren eragina erakusten duten bi aldagai aipatu ditu: behin-behinekotasuna eta lanbide arteko gutxieneko soldata.
Hego Euskal Herriko lan merkatuko behin-behinekotasuna %25,3koa da, EBko batez bestekoaren ia bikoitza. EBko bi herrialdek gainditu dute Hego Euskal Herriko portzentajea: Poloniak (%27,5) eta Espainiak (%27,9).
Espainiako lanbide arteko soldata 624 eurokoa da hilean, 8.736 euro urtean (14 pagatan banatuta). LABek salatu du kopuru hori pobreziaren mugaren azpitik dagoela. Eta ozta-ozta iristen dela Hego Euskal Herriak izan beharko lukeen gutxieneko soldatara, Europako Karta Sozialak egindako gomendioak aintzat hartuta kalkulatuz gero.
Enpresarioen «xantaia»
LABek, baina, lanpostuen galeraren errua ez dio araudiari edo administrazioei bakarrik leporatu. Baita enpresarioei ere: «Errealitatea gordina izan arren, lan merkatua zurruna dela diote, eta neurri berriak eskatzen dituzte lan eskubideak murrizteko eta lan baldintzak okertzeko».
Enpresarioek eskatutako neurrien artean daude, LABen esanetan, enplegua erregulatzeko prozesuetan administrazioaren zaintza kentzea; langileak kaleratzeagatik ordaindu beharreko kalte-ordainak murriztea; Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kotizazioak jaistea; langileen soldatak izoztea edo murriztea; eta diru publikoa eskuratzea, laguntzen edo mailegu merkeen bitartez.
Hori ikusita, LABek uste du erantzun «sendoa»eman behar zaiela bai krisiari, bai administrazioak hartzen ari diren neurriei, eta bai enpresarioen «xantaiei» eta egitasmoei ere.
Horretarako zenbait aldarrikapen egin ditu. Alde batetik, enplegua eta enpleguaren egonkortasuna babestea, «behin-behineko kontratuak salbuespen bihurtuz». Bestetik, zaintza eta kontrola areagotzea, bai langileen kaleratzeena, bai emandako kalte-ordainena eta bai langabezia babesarena ere.
Sindikatuak nabarmendu du zergak handitu egin behar zaizkiela enpresarioen irabaziei, kapitalak eragindako errentei eta ondare handiei. Langileentzat, lanbide arteko gutxieneko soldata duina eskatu du.
Eta, egoera errotik aldatzeko, LABek uste du Euskal Herrian erabaki behar direla hemengo eredu ekonomikoa eta soziala.
Hegoaldean Europan baino enplegu gehiago galdu dela salatu du LABek
Jarduera ekonomikoari buruzko datuak ingurukoenak baino hobeak diren arren, lanpostuen galera «asaldagarria» dela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu