Lan harremanak

Hegoaldean gutxienez soldatapekoen %62,5i eragiten die estatalizazioak

LABek egin ditu negoziazio kolektiboaren galeraren inguruko kalkuluak, eta azaldu du mobilizazioei eutsiko diela egoera iraultzeko

Xabier Ugartemendia eta Garbiñe Aranburu, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jon Fernandez.
2019ko apirilaren 8a
12:18
Entzun

Hego Euskal Herriko 604.145 soldatapekoren lan baldintzak okertu edo baldintzatu ditu negoziazio kolektiboaren estatalizazioak, LAB sindikatuak gaur goizean azaldu duenez. Hegoaldeko soldatepeko guztien %62,5 dira horiek, baina sindikatuak uste du gehiago izan daitezkeela kaltetuak. LABek LHK Lan Harremanen Kontseiluaren datuak erabili ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak kalkulatzeko; Nafarroan, aldiz, ez dago datu ofizialik, eta sindikatuak bere kabuz egin ditu kontuak.

Lan harremanetan azken urteetan gertatzen ari den "inboluzioa" salatu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak. Abaguneko testuinguru politiko eta sozialaren deskribapen bat egin du, eta esan "hauteskunde garaia dela, faxismoa eta eskuin muturra indartzen ari den garaia, eta kapitalismoaren oldarraldi berri batena". Hala ere, zehaztu du lan harremanetako oraingo "inboluzioa" ez dela mehatxu bat, "baizik eta gertatzen ari den zerbait". Eta 2010ean PSOEren gobernuak egindako lan erreforma jo du negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren lehen mugarritzat, eta gogoratu EAJren abstentzioari esker onartu zela.

Estatalizazioaren bi helburu nagusiak esplikatu ditu Aranburuk: "Batetik, soldatak eraitsi nahi dituzte, eta lan baldintzak prekarizatu;  bestetik, ordezkaritza sindikalak aldatu nahi dituzte". Haren hitzetan, Hego Euskal Herrian gehiengoa den "kontrabotereko sindikalismoa" ordezkatu nahi dute "askoz otzanagoa den CCOOren eta UGTren ereduarekin". Aranbururen irtziz, negoziazio kolektiboa euskal eremuan egin ordez Espainian eginda, "patronalarentzat askoz errazagoa da hitzarmen merkeagoak lortzea CCOOrekin eta UGTrekin".

Enpresako negoziazioa, urriegia

LABeko idazkari nagusiak negoziazio eremu guztietan borroka egitea defendatu du, eta ez lehentasuna ematea enpresetako negoziazioari. "Enpresetako negoziazioa oso urrun dago langileei negoziazio kolektiboaren babesa eskatzetik. Enpresa eremutik ezinezkoa da euskal langileen gehiengoari negoziazio kolektiboko eskubideak bermatzea".

Horren haritik, adibide bat eman du Aranburuk: EAEko metalaren hitzarmenak, esaterako, 136.000 behargin hartzen ditu aintzat, eta bakarrik 47.000k daukate enpresa hitzarmena. "Oso datu adierazgarria da, zeren metalaren sektorean enpresan negoziatzeko tradizioa egon baita, eta hala ere, zenbakiak hor daude".

ELAren gidaritza berria

ELA sindikatuaren gidaritzan joan den ostiralean izandako aldaketak —Mitxel Lakuntzak hartu du Adolfo Muñozen lekukoa— bi sindikatuen arteko harremanetan izan dezakeen eraginaz galdetuta, Aranburuk ez du erantzun nahi izan. Adierazi du datorren astean, Aberri Egunaren harira, testuinguru politikoaren analisia egingo duela LABek, abagune honek zer sindikalismo mota eskatzen duen esplikatuko duela eta erreferentzia zuzena egingo diola ELAri ere.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.