LANGABEZIA

Hegoaldean laugarren hilabetez gora egin du langabeziak urrian

INEMeko bulegoetan 651 langabe gehiago zenbatu dira iragan hilean; Nafarroan eta Araban behera egin du

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian uztailaz geroztik langabeziak gora egin eta 3.857 lagun gehiago erregistratu ziren INEMeko bulegoetan. Hilero legez, Espainiako enplegu institutuak atzo urriko datuak kaleratu zituen eta iraileko datuekin alderatuz gero, 651 langabe gehiagok eman zuten izena INEMen: guztira, 90.223. Dena den, biztanleria aktiboak gora egin duela-eta, langabezia tasa %7,17tik %7,13ra jaitsi da.

Iazko datuei begiratuta, INEMen izena eman dutenen kopurua jaitsi egin da azken hamabi hilabeteetan Hegoalden: 762 langabe gutxiago. Ez da joera bera izan lau herrialdeetan. Araban eta Nafarroan hala urriko nola orain urtebeteko datuek behera egin zuten; Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, gora. Araban 288 langabe gutxiago izan ziren urrian eta urtebetean 574 gutxiago. Nafarroako bulegoetan urrian 281 lagun gutxiago erregistratu ziren eta urtebetean 890 gutxiago.Gipuzkoak du Hegoaldeko langabezia tasarik handiena, nahiz eta azken hilabeteetan gora egin duen (%6,34), eta alderantziz, Bizkaiak du handiena (%8,19): urtebetean, hurrenez hurren, 10 eta 692 langabe gutxiago erregistratu dira INEMen.

Motelaldiaren ondorio direla uste du Elorrietak

Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak atzo ETBn egindako adierazpenetan langabeziaren bilakaera ekonomiaren ibilbideari lotuta dagoela uste du. «Ezin da enplegurik sortu hain hazkunde ekonomiko motelarekin», agertu zuen.

«Unean uneko INEMen datuez haratago, kontua da ekonomia motel hazten ari dela eta enpleguak hasieran mehatxu egin zuen pixkanaka gelditzen joango zela mugarri batera ailegatu arte. Uste dut hori gertatzen ari dela», gaineratu zuen Elorrietak.CCOO-Euskadik datuok Eusko Jaurlaritza kritikatzeko baliatu zituen. Sindikatuaren iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoa «oso bide txarretik doa». CCOOen arabera, INEMen datuok Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren «gaitasun eza» agerian uzten dute. Sindikatuarentzat, «lazgarria da» Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Enpleguaren Erakunde arteko Planak «prekaritatearen aurkako borroka helburu nagusitzat ez izatea».Nafarroako Gobernuko Laneko zuzendari nagusi Jose Mari Roig pozik zegoen Nafarroan urrian inoizko langabezia tasarik apalena lortu dutelako (%6,48). Hala ere, Roigek uste du ez dela «triunfalismoan erori behar».Azkenik, INEMeko datuen arabera, Espainian langabeziak gora egin zuen nabarmen59.088 lagun gehiago eta langabezia tasa %8,8ra iritsi zen. Eduardo Zaplanak beste aldera begiratu eta Espainiako Gizarte Segurantzaren afiliazioak gora egin zuela nabarmendu zuen: «Ez naiz pozten langabezia igotzen delako, eta ez naiz inoiz alaituko ere, baina urte amaieran, inor baino enplegu gehiago sortu eta langabezia inor baino gehiago jaisteko gai bagara, politika egokiak egiten ari gara, urria betidanik hilabete txarra izan arren».

-

EUROSTAT



 

Euroguneko langabezia %8,8koa da



Eurostatek atzo emandako datuen arabera, euroaren eremuan biztanle aktiboen %8,8 zegoen langabezian joan den irailean. Abuztuarekin alderatuta, ez da aldaketarik izan. Europako Batasun osoan langabezia tasa %8koa da.

Guztira, 12,4 milioi gizon eta emakume zeuden lanik gabe eurogunean eta 14,3 miloi, berriz, Hamabostetan.

Herrialde batetik bestera tarte handiak daude. Espainiak du langabezia tasarik handiena, %11,2 hain zuzen ere. Nahiko gertu ditu euroguneko bi ekonomia handienak: Alemanian %9,4 daude langabezian eta %9,5 Frantzian. Tasarik txikienak berriz Luxenburgok (%3,8), Herbehereek (%4,2), Austriak (%4,5) eta Irlandak(%4,7) dituzte.Langabeziak eragin handiagoa du emakumeen artean (%10,3) gizonen artean baino (%7,8).Estatu Batuek %6,1ko langabezia dute eta %5,1, berriz, Japoniak.

-

Datua





%7,13

Langabezia tasa: Hego Euskal Herrian enplegua edukitzeko egokieran dagoen mila herritarretik 71 lanik gabe daude; biztanleria aktiboaren, %7,13.

Nolakoa izan da kontratazioa urrian? Izenpetu ziren 791.940 kontratuetatik, %92,07 behin-behinekoak izan ziren. Iaz baino 1.288 kontratu mugagabe gutxiago egin dira. Bizkaian izenpetzen dira aldi baterako kontratu gehien (%92,71) eta Nafarroan gutxien (%90,45).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.