Hegoaldeko aurrekontu «antisozial eta bidegabeak» salatu ditu ELAk

Gastu soziala gutxitzeko aitzakiarik ez dutela dio, administrazioen defizit eta zor publikoak txikiak baitira

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Hegoaldeko administrazioen gastu publikoak jaitsiera nabarmena izango du 2011n. Horixe da ELAk azpimarratutako ondorio nagusia, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuen zirriborroak aztertu ondoren. Aurrekontuak «bidegabeak» dira sindikatuarentzat, eta, Adolfo Muñozek atzo eginiko agerraldian salatu zuenez, «azken hogeita hamar urteetako aurrekonturik antisozialenak».

Alderdi politikoei, halaber, «gezurretan» aritzea leporatu die ELAko idazkari nagusiak. Zuzenketak aurkeztean «itxurak egiten» dituzten arren, behar handienak dituztenei eskubideak kentzeko ados jartzen diren «gaizkile sozialak» izatea leporatu zien. Aurrekontuak aztertzeko agerraldia Mikel Noval Politika Sozialeko arduradunarekin eta Julene Gabiola Ikerketa Bulegoko arduradunarekin batera egin zuen.

1. Gastua

Bigarren urtez jarraian, aurreko urtean baino gutxiago gastatzeko asmoa dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. ELAk aurkeztutako txostenaren arabera, Jaurlaritzak 9.802 milioi euroko aurrekontua diseinatu du 2011rako, aurtengoa baino 434,6 milioi euro gutxiagokoa. Lakuak, berez, 10.549,5 milioi euro gastatzeko asmoa iragarri du; baina enplegu politika aktiboei dagokien dirua -472 milioi euro-, eta abiadura handiko trenaren garapena kudeatzeko Espainiako Gobernuak jarritako dirua -275 milioi- kendu ditu sindikatuak.

Nafarroak aurten baino %4,7 gutxiago gastatuko du. 4.188,3 milioiko aurrekontua aurkeztu du. 2010ekoa 4.440,3 milioi eurokoa izan da. Kopurua, hala ere, «makillatuta» datorrela salatu du ELAk, eta 2011rako benetako gastua 3.853,7 milioikoa dela dio, aurtengoa baino 179 milioi gutxiago.

2. Osasuna

ELArentzat, osasun arloko gastuaezinbestekoa da, eta hor ere murrizketak izango dira. BPGaren aldean duen pisua jaitsi egingo da: 0,4 puntu EAEn eta 0,5 Nafarroan. Bietan %5ekoa izango da. Iruñeak 2010ean baino 41,9 milioi gutxiago gastatuko ditu: 973,3 milioi euro. Jaurlaritzak 3.400,2 milioi euro jarriko ditu osasunerako; 2010eko amaierarako aurreikusitakoa baino 139,9 milioi euro gutxiago, hain zuzen ere.

3. Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketak Sailerako 2.660,8 milioi euroko gastua aurreikusi dute datorren urterako. Hala, aurten baino 129,4 milioi euro gutxiago izango dira. BPGaren aldean, %0,3ko jaitsiera izango du hezkuntzako aurrekontuak, eta 0,5 puntukoa 2009ko aurrekontuaren aldean.

Nafarroako Gobernuaren2011ko aurrekontuetarako zirriborroaren arabera, berriz, 38,8 milioi euroko murrizketa izango du hezkuntzak: 638,2 milioi euroko gastua aurreikusi dute. BPGarekiko pisuan %0,3 egingo du behera, 2008an adina. Are murrizketa handiagoak egingo dituzte euskara sustatzeko; izan ere, 3,6 milioi euroko gastua aurreikusi du, 2010. urtekoa baino %10 eta iazkoa baino %34,5 txikiagoa.

4. Etxebizitza

Sindikatuak salatu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxebizitza publikoetan 2005ean beste gastatuko du 2011n Eusko Jaurlaritzak: 162,2 milioi euro; aurten baino 12,9 gutxiago. BPGaren %0,24 izango da, 2002an beste.

Nafarroako Gobernuak ere jaitsiko du etxebizitzarako gastu publikoa: 77,3 milioi eurotik 72,8ra. Aurrekontuaren %1,9 eta BPGaren %04 izango da.

5. Zor publikoa

Azken urteetan hazi egin bada ere, Hegoaldeko administrazio zentralen zor publikoa oso txikia dela ohartarazi du ELAk: BPGaren %8,1ekoa Nafarroan eta %6koa EAEn. Egonkortasunerako itunek %60 bitarteko zorra onartzen dutela aintzat hartuta, sindikatuarentzat «ez dago aitzakiarik aurrekontuak eta gastu soziala murrizteko». Era berean, zor publikoaren aldean pribatua askoz handiagoa dela nabarmendu dute, 23 aldiz handiagoa Nafarroan. Urtebetean onartutako hipoteken zorra ere gobernuena baino handiagoa dela salatu dute.

6. Zergak

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua gehiago zorpetu daitezke, bai, baina ELAk zergen bidez diru gehiago biltzeko aukera ere aipatzen du, zergetan aplikatzen diren kenkariak, salbuespenak eta murrizketak gutxituz. Sindikatuaren arabera, Jaurlaritzak 6.306,1 milioi euro biltzeari uko egin dio eta Nafarroako Gobernuak, berriz, 1.586,8 milioi euro jasotzeari. Ohi bezala, errenta handiei eta kapital errentei mesede egiteko erreforma guztiak bertan behera utziz zerga bilketa aldatzeko eskatu du ELAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.