Hego Euskal Herrian 18 eta 34 urte bitarteko 598.900 biztanle daude. Horietatik 266.818 bizi dira gurasoen etxetik kanpo, ehunekotan, %44,55. Etxeen prezioen eta soldataren artean dagoen aldea da, zalantzarik gabe, emantzipatzeko arazo nagusia. Izan ere, bakarrik etxea erosi nahi dutenek kobratutako guztia behar dute horretarako. Zenbait puntutan, hileroko saria ez da aski bakarrik etxea erosi ahal izateko.
Gazteentzako Etxe Behatokiak emandako datuen arabera, batez beste, 16.782 euroren soldatak dituzte urtean Hego Euskal Herriko gazteek. Etxebizitzaren prezioa, ordea, hortik oso gora dabil. Araban, 243.090 euro balio du merkatu libreko etxeak; Bizkaian, 294.880 euro; Gipuzkoan, 299.090; eta Nafarroan, 174.580. Kopuru horiek kontuan hartuta, gazte bizkaitar batek soldataren %111,6 beharko luke berak bakarrik etxea erosi ahal izateko; gipuzkoar batek soldataren %106,6; arabar batek hil amaieran jasotzen duenaren %79,7; eta nafar batek, %68,5. Kopuru horietatik gora dabiltza 18 eta 24 urtekoak. Izan ere, zenbat eta gazteago izan, orduan eta baxuago dira soldatak ere.
Gazteak gehiegi ez zorpetzeko etxeek zenbat balio behar luketen ere kalkulatu du behatokiak. Hipoteka ordaintzeko soldataren %30 izatea jo du onargarritzat. Hala, haren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez beste 82.572 euro balio beharko luke etxeak eskuragarri izateko. Hau da, gaur egungo herena. Nafarroan, berriz, 76.511 euro.
Soldaten eta prezioen artean desoreka handia egoteaz gain,gazteen lan egoera erabat ezegonkorra dela jaso dute txostenean. 34 urtez azpikoen ia erdiek aldi baterako kontratua dute.
Salmentak behera
Geroak kezkatzen dituelako edo, asko jaitsi da gazteek erositako etxeen kopurua. Baina ez haiena bakarrik. Orokorrean jaitsi da etxe salmenta. INE estatistika erakundeak jakinarazi duenez, aurtengo lehen hiruhilekoan iazko azkenengoan baino %24,79 gutxiago saldu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Iazko lehen hiru hilabeteekin alderatuz, berriz, jaitsiera %31,62koa izan da. Ez da alde handirik egon etxe berrien eta bigarren eskukoen artean, batzuk zein besteek antzeko beherakada izan dute.
Nafarroan ere 2008ko azken hiruhilekoan baino etxe gutxiago saldu dira, baina jaitsiera txikiagoa izan da, %8koa, hain zuzen.
Hegoaldeko gazteek soldata osoa behar dute etxea pagatzeko
Gipuzkoan eta Bizkaian hilaren amaieran kobratutakoa ez da aski gazte batek etxea berak bakarrik erosi ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu