Euskadiko Kutxaren eta Kutxaren kasuan aintzat hartu behar da 2007tik 2008ra ere irabazien jaitsiera adierazgarria izan zutela.
Nafarroako Kutxak atzo eman zituen iazko emaitzak. Kutxako arduradunen esanetan, ezohiko diru sarreren jaitsierak eragin du irabaziak murriztea. Izan ere, 2008an Zurich aseguru konpainiak kutxaren aseguru adarraren erdia erosi zuen, 45 milioi euroren truke. Ezohiko diru sarrera hori aintzat hartu gabe, 2008ko eta iazko irabazi garbiak parekoak izango liratekeela esan du kutxak.
Nabarmendu du datozen urteetan aseguruen negozioa funtsezkoa izango dela emaitzetan. Nafarroako Kutxaren aseguruen negozioa %11 hazi zen iaz.
Aurrezki kutxak negozioa ohiko jardueran oinarritzen ari dira. Ez dute beste aukerarik: etxegintzak garai bateko irabaziak eman ordez, buruhausteak baino ez dizkie ematen; eta finantza merkatuetan kasinoaren garaiak amaitu dira. Horregatik, bulegoetako jardunean oinarritzen ari dira beren jarduera.
Arlo horretan gehienek hazkundea izan dute: Euskadiko Kutxak %22koa, Nafarroako Kutxak %20koa eta Kutxak %10ekoa.
Etxegintzak zuloak eta zulo arriskuak eragin ditu hainbat finantza erakunderen kontuetan. Eraikuntza enpresei eta etxeen sustatzaileei maileguak eman zizkieten. Kasu askotan mailegu horiek ez dituzte itzuli eta kutxek beren gain hartu behar izan dituzte lurzoruak eta etxeak. Gainera, maileguak eman zituztenean baino gutxiago balio dutenez eta saltzeko sekulako zailtasunak dituztenez, balioaren galera horri aurre egin behar diete diru kontuetan.
«Urte korapilatsua»
Horregatik, aurrezki kutxek diru asko gorde dute, beren kontuetan dituzten arriskuei eta aurten etor daitezkeenei aurre egiteko. Legeak derrigortutako kopuruez gain, zenbait aurrezki kutxek borondatezko dotazio handiak egitea erabaki dute, badaezpada. Horrek urte amaierako emaitzak apaldu dizkie. «Ekarpen eskuzabalak» egin zituela onartu zuen Kutxak, «finantza sektorearentzat urte korapilatsua baitator». BBK-k, Euskadiko Kutxak eta Kutxak 200 milioi eurotik gora gorde dituzte; Nafarroako Kutxak 108 milioi euro (2008an baino %28 gutxiago); eta Vital Kutxak 37 milioi. Nafarroako Kutxaren esanetan, etxe sustatzaileei emandako maileguak eman dituen mailegu guztien %13 dira, eta arrisku txikia suposatzen dute.
Berankortasun tasak nabarmen egin du gora. Krisiaren ondorioz, gero eta bezero gehiagok atzeratzen edo eteten dituzte maileguen ordainketak. Nafarroako Kutxak %3ko langa gainditu du, eta %3,27ra iritsi da. Gainerakoena apalagoa da, %3koa edo %3tik beherakoa, urtebetean dezente hazi den arren.
Hego Euskal Herriko kutxek nabarmendu dute beren berankortasun tasa apala dela. Horretarako Espainiako kutxen batez bestekoarekin alderatzen dute, eta egia da haren aldean apala dela, %5,05ekoa baita Espainiako kutxen berankortasun tasaren batez bestekoa.
Finantza erakundeen osasuna neurtzen duten aldagaietan osasuntsu daude: kaudimena, maileguen estaldura, likidezia... Krisiak horietan ere eragina izan duen arren.
Nafarroako Kutxaren kasuan kaudimena neurtzeko core capital-a %9koa da, maileguen estaldura %77,1ekoa eta egiturazko likidezia %75ekoa.
Bezeroen 18.247 milioi euro kudeatu zituen iaz, 2008an baino %5,16 gehiago. Adierazgarria da urtebetean 48.312 bezero berri lortzea eta aurten 90.000 lortu nahi izatea. Nafarroako Kutxaren esanetan, 5.500 gizarte erakunderekin egindako hitzarmenari esker lortu ditu hainbeste bezero berri.
############
Caja Burgos Banca Civica taldeansartzeko aukerak urrundu egin dira
Sa Nostra Balearretako aurrezki kutxa Banca Civica taldean sartzeko aukera urrun dago, eta orain, mahaiaren hirugarren hankak, Caja Burgosek, huts egin dezake. Gaztela eta Leongo Juntak (PP) begi txarrez ikusten du bat-egite hotza deiturikoa, nahiago baitu erkidego bereko aurrezki kutxekin bat egitea Caja Burgosek. Hori dela eta, ostegunean kutxako administrazio kontseilua biltzekoa zen Nafarroako Kutxarekin eta Caja Canariasekin, negozioak bateratzeko prozesuari buruz erabakitzeko. Azken orduan, ordea, bilera hori atzeratu egin zuen zuzendaritzak, oniritzia lortzeko nahikoa boto ez dituelako.Atzo, Nafarroako Kutxako zuzendari nagusi Enrique Goñik aipatu zuen errespetatzen duela erabaki hori. Goñik gaineratu du ez duela atzerapenik espero bateratze prozesuan.
############
############