Langabezia igo egin da, inolako prestaziorik jasotzen ez duen jende gehiago dago,gastu sozial txikiagoa egiten dute gobernuek, enplegua prekarioagoa da eta prezioak %3 igo dira. Iazko datuak oinarri hartuta, egoera ekonomikoaren azterketa egin du ELAk. Langileentzat ageri den egoera «penagarria» dela adierazi du Amaia Muñoak, idazkari nagusiaren ondokoak.
Haren esanetan, enplegua sortzea ez dago lehentasunen artean Espainiako Gobernuarentzat. «Bai lan erreforman eta bai lanaldi partziala sustatzeko planean, enpresen kostuak murrizteko neurriak hartu dituzte». Krisitik ateratzea ere ez dela helburu nagusia dio. «Gero eta langabe gehiago badago, jendeak soldata baxuak baditu eta gastu publikoa gutxitzen bada, ez da hazkunderik egongo». Orain arte hartutako neurri guztiek mesede bankuei eta enpresei egiten dietela adierazi du Muñoak; era berean, langileei kalte egin dietela.
Mikel Noval sindikatuko arlo sozialeko arduradunarekin eta Iñaki Zabaleta ikerketa kabineteko kidearekin batera egin du agerraldia Muñoak. Txostenean ageri diren datu guztien artean binabarmendu ditu Novalek:laguntzarik jasotzen ez duten langileen kopurua eta prezioen igoera.
«Langabezian dauden pertsonen egoera gero eta txarragoa da», esan du. Ehun langabetik 36,6k ez dute inolako laguntzarik jasotzen; %38,9k dute kotizaziopeko saria; eta %24,6k kotizaziopekoa ez den saria jasotzen dute. Azken horiek oso kopuru txikikoak izaten direla zehaztu du. Novalen esanetan, bilakaera da kezkagarriena, azken urtebetean sei puntu igo baita inolako saririk ez dutenen ehunekoa.
Horretaz gain, iazko inflazioa eta aurtengo urtarrileko KPIa %3koak izan direla gogoratu du. Argindarra garestitu dela esanez argudiatu du Espainiako Gobernuak igoera. «Zapaterok argindarra %9,8 igotzea onartu du. Neurri hori guztiz onartezina da, enpresa elektrikoei mesede egiteko gizarte osoari egiten diolako kalte; gainera, kontuan hartuta haien mozkinak jada neurrigabekoak direla».
Lan erreformaren porrota
Behin-behineko kontratuen igoera da ELAren beste kezketako bat. Espainiako Gobernuak iazko ekainean onartutako lan erreformaren helburuetako bat kontratu finkoak sustatzea zen. ELAren arabera, kopuruek argi erakusten dute ez dela lortu. Azken bost urteetan, aldi baterako kontratuen portzentajea igoz joan da urtez urte: 2006an kontratu guztien %90,2 ziren era horretakoak; iaz, %93.
Kontratu partzialak bultzatzeko planarekin ere ez dago ados sindikatua. «Pentsioen erreformaren ondorioz, erretiro duina izateko aukera ia ezinezko bihurtuko du enplegu mota horrek», dio Novalek.
Aurrerantzean etorriko diren murrizketen kontra, antolatzeko eskatu die sindikatuak langileei. «Mobilizazioa da langileen interesak babesteko modurik onena», azaldu du Muñoak.
Hegoaldeko langabeen %36,5ek ez dute inolako laguntzarik jasotzen
Egoera ekonomikoari buruz ELAk egindako txostenaren arabera, urtebetean asko okertu da langileen egoera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu