CEOEk, Cepymek, CCOOk,UGTk eta Espainiako Gobernuak otsailaren 2an onartu zuten itun sozial eta ekonomikoa. Han ageri dira pentsioen erreformari buruzko xehetasun guztiak. Alabaina, parlamentuaren oniritzia falta da oraindik. Ez dago zehaztuta zein egunetan aztertuko duten gaia. Hego Euskal Herriko pentsionisten elkarteek, bezperan, elkarretaratzeak egingo dituzte Espainiako Gobernuaren ordezkaritzen aurrean. Martxo amaieran eta apiril hasieran ere hainbat mobilizazio antolatuko dituzte.
Arabako pentsionistak martxan, Bizkaiko pentsionistak martxan, Gipuzkoako erretiratu eta pentsiodunak eta Nafarroako Carlos III. pentsionisten asanblada elkarteek egin dute deialdia. Bost eskaera dituzte: aurrena, pentsio guztiak pobreziaren mugatik gorakoak izatea, alarguntasun eta zurztasunarena barne; bigarrena, gizarte zerbitzuak kalitatezkoak izatea eta aurrekontu publikoekin finantzatzea; hirugarrena, osasun zerbitzuak jasotzeagatik ordaintzeko proposamena ez onartzea; laugarrena, 65 urtetik gorakoen kenkariak pentsiodun guztiei aplikatzea; eta, azkenik, Euskal Herrian hartzea pentsioen gaineko erabakiak.
Azken hilabeteotan askotan atera dira kalera pentsionistak. Urrian, pentsioen erreformaren aurka zeudela adierazi zuten; abenduan, pentsio publikoak eskatu zituzten; eta, urtarrilean, greba orokorrarekin bat egin zuten. Jasotako erantzunarekin «oso gustura» daudela adierazi dute pentsionisten elkarteek.
Hegoaldeko pentsiodunek erreformaren aurkako protestak egingo dituzte
Pentsio guztiak pobreziaren mailatik gorakoak izatea da pentsionisten elkarteen eskaeretako bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu