Espainiako Gobernuak egindako lan eta negoziazio kolektiboaren erreformak «langileria pobretzea» du xede, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozen ustez. Erreformaren helburua «ez da enplegua sortzea, soldatak eta lan baldintzak bertan behera uztea baizik», Muñozek sindikatuaren Batzorde Nazionalaren ostean esan zuenez, atzo. Erreformen eta murrizketen segida etengabea da, «Sekula ez dugu ikusi botere ekonomikoaren horrelako erasorik», sindikatuko idazkari nagusiaren arabera.
Muñozez gain, Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren ondokoak eta Mikel Noval Gizarte Arloko arduradunak ere parte hartu zuten agerraldian. Novalek azpimarratu zuenez, erreforma «oso gogorra» da: «Lan harremanen esparru guztia aldatzen du, langileen eskubideak murrizteko eta enpresarien boterea handitzeko». Besteak beste, Muñozen esanetan, enpresari «xantaia» egiteko aukera eta kaleratzeko «mehatxua» baliatzea eskaintzen dio.
Novalek gaineratu zuenez, lan erreforma lan eskubideei egindako «eraso latza» da, eta «lan zuzenbidearen funtzio orekatzailea txikitzen» du. Murrizketekin egin duten moduan, botere ekonomikoaren «esanetara egotea» leporatu zion botere politikoari.
Hainbat esparrutan banatu zituzten ELAko eledunek lan erreformari egindako kritikak. Lehenik eta behin, salatu zuten kaleratzea «erraztu eta merkatu egiten dela». Horrez gain, erreformaren bidez negoziazio kolektiboa «mamirik gabe» uzten dela. Baita lan erreformak malgutasuna «enpresaren nahierara» areagotzen duela ere. Erreformak langileen kontratuetan eragingo dituen aldaketak ere deitoratu zituzten. Edukiez gain, erreforma onartzeko modua ere gaitzetsi zuen ELAk. Sindikatuko arduradunen iritziz, «jokaera zeharo antidemokratikoa» da lege dekretua baliatzea.
ELAk ez zuen Espainiako Gobernua bakarrik kritikatu. UGT eta CCOO sindikatuen kontra ere egin zuen. Muñoaren iritziz, lan erreformaren edukia bat dator bi sindikatu horiek CEOE eta CEPYME patronalekin sinatutako akordioarekin: «CCOOk eta UGTk ipar sindikala galdu dute, eta ez dira sinesgarriak horren erabaki larriak babestuta. Egin zuten ituna egin eta gero erreformarengatik kargu hartzeak ez du ez hankarik, ez bururik, biak lotuta baitaude».
Sindikatuak eta kalea
Erreformaren kontra proposamenak egiteko «beharra» dagoela nabarmendu zuen Muñozek. Haren ustez, sindikatuek «agenda baikor bat» osatu beharko lukete, jendeari esateko alternatiba badagoela. Aplikatzen ari diren politikak «goitik behera aldatzea» da ELAren alternatibaren oinarria.
Indarrean dauden gehiengo politikoak eta patronalaren jarrera ikusita, erreformari aurre egiteko bide nagusia sindikatua dela ondorioztatu du ELAk, enpresak sindikalizatzea, «sindikatua baita langileen lan baldintzak defendatzeko tresna bakarra».
Sindikatua eta mobilizazioak, protestekin jarraituko baitute. Hurrengoa otsailaren 25ean izango da, Bilbon, hainbat sindikatuk eta gizarte mugimenduk deituta. «Ahalegin izugarria egingo dugu manifestazio horretara jende asko joan dadin», esan zuen Muñozek.
Otsailaren 25etik aurrera, manifestaziora deitu duten eragileekin «eztabaidatzeko prest» agertu da, erreformaren aurkako erantzuna antolatzeko. Aintzat hartu behar da gehiengo sindikala (ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru) hautsita dagoela. ELAk ez du ezer baztertzen, ezta greba orokorrera deitzea ere.
LABek, oraingoz, ordezkarien batzarrak eta manifestazioak egingo ditu aste honetan, lan erreformaren kontra: gaur Gasteizen, bihar Iruñean eta Errenterian (Gipuzkoa) eta etzi Bilbon.
Adolfo Muñozentzat ez da bideragarria CCOOrekin eta UGTrekin elkarlanean aritzea, ezta lan erreformaren kontra ere. Sindikatuen arteko batasuna «beharrezkoa» da, baina UGT eta CCOOren «praktika sindikalek» eragozten dute batasun hori, «zoritxarrez».
Espainiako Gobernua lan erreformaren lege dekretua onartu eta gero hasi da gizarte eragileekin biltzen. Fatima Bañez Lan ministroa atzo elkartu zen Joan Rosell CEOE patronaleko presidentearekin, Candido Mendez UGTko idazkari nagusiarekin eta Ignacio Fernandez Toxo CCOOkoarekin. Lan erreformari buruzko azalpenak eman zizkien. Argitu zien lan erreformari eta aldaketei buruz hitz egiteko prest dagoela, baina xehetasun teknikoei buruz bakarrik. Ez du negoziatuko. Ez dago erreformaren muina aldatzeko prest.
Mendezek eta Toxok bileraren ostean berretsi zuten erreformak lanpostu ugari galaraziko dituela denbora gutxian. «Ez da langabeen aldeko erreforma, egoeraren errua leporatzen baitie», esan zuen Fernandez Toxok.
Bilerak eta mobilizazioak
Hala ere, UGT eta CCOO Espainiako Gobernuaren bileretan parte hartzeko prest daude, erreformaren «izugarrikeriak» aldatzen saiatzeko. «Izugarrikeria» horien artean bat aipatu zuten, hain justu Espainiako Gobernuak lan erreformaren izartzat aurkeztu duenarena: ekintzaileentzako kontratu mugagabea. 30 urtetik beherako gazteak kontratatzen dituzten enpresa txiki eta ertainek (50 langile bitarte), lehenengo urtean langileak «nahi dutenean eta doan» kaleratu ahal izango dituzte. Hori Konstituzioaren kontrakoa den aztertzen ari dira.
UGTk eta CCOOk mobilizazioak antolatu dituzte iganderako. Bat egin dute hilaren 29ko Europako mobilizazioekin ere. Oraingoz ez dute greba orokorrik egingo. Igandeko mobilizazioek herritarren haserrea eta bi sindikatuen indarra neurtzeko balioko diete.
«Ezin genuen ezer egin gabe geratu», azaldu zuen atzo Fatima Bañez Lan ministroak sindikatuekin bildu eta gero. Bañezen ustez, «azkenean inork ez du galtzen eta guztiok irabazten dugu».
Espainia. Lan erreforma
Helburua langileak pobretzea dela salatu du ELAk
Prest dago hilaren 25eko mobilizaziora deitu duten eragileekin erantzuna antolatzeko; LABek batzarrak egingo ditu aste honetanEspainiako Gobernuak gai teknikoez bakarrik eztabaidatuko du sindikatuekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu