«Helburuak beteta», gose greba utzi dute Hiruko kideek

Sindikatuen arteko elkarlanaren beharra aldarrikatu dute garraiolariek protestaren amaieran

Ivan Santamaria.
2009ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Hiru salbatuko bada, sindikatu guztien arteko elkarlanari esker izango da». Ideia hori buruan, bertan behera utzi dute gose greba Patxi Agirre, Mikel Etxebarria eta Miguel Angel Lekue garraiolari sindikatuko arduradunek. Otsailaren 23an hasi zuten protestaldia, eta «helburuak beteta» orain uztea erabaki dute.

Lopidanako zerbitzugunean zortzi egunez egon dira Hiruko garraiolariak, barauan. Handik igaro dira sindikatu nagusiak eta eragile sozialak, baita bertako eta kanpoko hamaika garraiolari, gose grebaren arrazoien inguruan informazioa jasotzeko asmoz.

Protestak iraun duen bitartean buruari astintzeko aukera izan dutela azaldu zuten Hiruko kideek. Beste sindikalistekin eta euren artean hitz egin ondotik, sindikatuen arteko lan komuna inoiz baino beharrezkoagoa dela ondorioztatu dute. «Are gehiago egungo krisi egoeran, eta erakundeen nahiz administrazioen aldetik sindikatuen aurkako erasoak biderkatzen diren honetan».

Indar politikoen arazoa

Hauteskunde kanpaina baliatuta, eragile politikoei grebalariekin biltzeko eskatu zuen Hiruk. Hala egin zuten Ezker Abertzaleak, Aralarrek eta Eusko Alkartasunak, baina ez besteek. Alderdien arazoa ere badela uste dute garraiolariek. «Gauden egoera berriro ez errepikatzeko neurriak jarri behar dituzte arduradun politikoek».

Arratsaldean, grebalariek eta beste garraiolariek bat egin zuten martxoaren 3ko urtemugan sindikatu nagusiek deitutako manifestazioarekin. Era berean, beste sindikatuekin batera Hiruren defentsan adostutako agiriaren aldeko sinadurak bilduko dituzte datozen egunetan.

Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuak urraketa larria egitea egotzi dio sindikatuari, ustez tarifak igotzeko gomendio kolektiboa egiteagatik. Isun gogorra jasotzen badu, Hiruk itxi beharko duela ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.