Ezustekoak gertatzen dira futbolean eta berdin burtsan ere: Ibex-35 (+%0,79) indizeak %2,98 galdu du astean, Europako kideek baino gutxiago. Bere buruari apenas golik sartu zion atzo Ibex-35ek eta, txikiak izanagatik, irabaziak nagusitu ziren: %3na pasakoak Acciona, Banesto, Mapfre eta Red Electrica bezalako txerritxoetan edo %2,66koak FCCren kasuan; %0,7nakoak bi erraldoien kasuan. 1.840 milioiren salerosketa baino ez zen izan ohiko merkatuan eta, Herbehereak-Brasil partidaren kasuan lez, Dow Jones faboritoak ez zuen liderraren papera bete. Espainian langabeziak pittin bat behera egin du ekainean, baina asteko ezustekoa AEBetan galdutako 125.000 lanpostuen eskutik iritsi da. Finantza sektorean eta higiezinetan aurrikuspenak ez dira onak Atlantikoaren bi aldeetan. Beraz, ezustekoak Atlantikoaren bi aldeetan gertatu litezke baina, orokorrak baino, enpresa zehatzei lotuak izango dira.
Banco Popular. Europan aztertu diren stress edo larrialdi egoera gertatuz gero, Europako hogei bankuk kapitala hedatu beharko luketela zabaldu zuen atzo Financial Times egunkariak. Tartean legoke Espainiako Banco Popular (+%1,37), hirugarrena tamainaz. Bankuak ukatu egin du kapital premia duenik. Italiako Monte dei Paschi eta Popolare di Milano bankuak ere zerrenda horretan leudeke. Uztaileko hirugarren astean ezagutaraziko omen dira stress azterketaren emaitzak. AEBetan Lehman Brothersen porrotaren ostean, lasaigarri gertatu zen emaitzen argitarapena.
Herbehereak edo Brasil
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu