HERIOTZA, FINANTZA KRISIAK ITOTA

jakes goikoetxea
2009ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Uste zabaldua da historian zehar finantza krisietan goi exekutibo askok beren buruaz beste egin dutela. Hollywoodeko filmen eraginez, ziurrenik. Gaur egungo finantza krisia hasi zenetik, bakan batzuk izan dira presioari eutsi ezinik beren burua hil dutenak. David Kellermann da azkena.

David Kellermann, Freddie Mac-eko finantza zuzendari eta lehendakariordea, hilda aurkitu zuten atzo goizaldean, Washingtongo etxean. Bere buruaz beste egin zuen. Sotoan urkatuta zegoela esan zuen The New York Times-ek, ikerketako iturriak aipatuz. Ez zutela «joko zikinaren arrastorik» aurkitu zehaztu zuen Poliziaren bozeramaileak, Eddy Azkaratek.

Gehienek Freddie Macen egoera kaskarrarekin lotu dute Kellermannen heriotza. Kellermann iazko irailean izendatu zuten finantza zuzendari, AEBetako Gobernuak Freddie Macen esku hartu ostean. Freddie Macen eta Fannie Maeren esku daude AEBetako hipoteka maileguen erdiak baino gehiago. Freddie Macek iaz 50.000 milioi dolar galdu zituen. Gobernua konpainia ikertzen ari zen.

Duela aste batzuk Kellermannek 800.000 dolarreko gainsaria jaso zuen, eta kazetariak etxera joan zitzaizkion gainsariei buruz galdezka. Ordutik segurtasun zaindariak kontratatuta zeuzkan. JAKES GOIKOETXEA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.