Herri erakundeek kutxen organoetan egon behar dute, ELAren iritziz

Banku bat sortuta, kutxen «jite sozial eta publikoa» galduko dela ohartarazi du sindikatuak

Erredakzioa
Bilbo
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Kutxen lege proiektuaren arabera, ordezkari politikoak kutxetako organoetatik kanpo geratuko dira. ELA ez dago ados neurri horrekin. «Politikak badu zeresana finantza erakundeen kudeaketan. Ez dugu uste hobea denik adituek agintzea», esan du. Adierazi du herri erakundeek lekua eta kontrola izan behar dutela kutxen organoetan.

BBK-k, Kutxak eta Vitalek adostu duten bat-egitearen ondorioz banku bat sortuko dela salatu du. «Aurrezki kutxen jite sozial eta publikoa, hots, izaera bera desitxuratuko da, eta erakundeak pribatizatzeko bidea ireki». Kutxak banku bihurtzea ez dela bidea uste du, krisia bera ere finantzen desarautzearekin lotuta dagoelako.

Gizarte ekintzak gero eta garrantzi txikiagoa edukitzeko arriskua ikusten du sindikatuak.Halaber, fusioaren ondorioz lan baldintzak okertuko ote diren beldur da, azken urteetan ere hala gertatu delako. «Oso informazio gutxi eman digute etorkizuneko baldintza zein urratsei buruz, baita langileen egoeraz ere. Informaziorik eta argitasunik ez izatea oso larria da», esan du.

Lan baldintzak homologatzeko, lantaldea mantentzeko, gutxieneko soldata duina eta subrogatze eskubidea emateko eta kutxek partaidetza duten enpresetako langileen baldintzak hobetzeko eskatu du ELAk. Horrez gain, kutxen legearekin ELAk eta LABek duten ordezkaritza ez errespetatzea leporatu dio sindikatuak Eusko Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.