Herri lanetan prezio baxuegiak ez saritzeko galdegin du Ascobik

Salatu du hasierako prezioaren erdian ere adjudikatzen direla obrak.Lehen hobetze zantzuak ikusi ditu Bizkaiko eraikuntzako patronalak

Hainbat langile Bilborako sarbide berrien eraikuntza lanetan 2013an. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
2015eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Administrazio publikoekin oso haserre azaldu da Ascobi Bizkaiko eraikuntza enpresen patronala, herri lanak kostuen azpiko prezioetan adjudikatzen ari direlako. Prezio horiek enpresak itota dituztela salatu du, eta horrek ekonomia osoari kalte egiten diola. Ziurtatu du eraikuntza oraindik ere «krisi sakonean» dagoela, nahiz eta gauzak pixka bat hobetzen ari direlako «lehen zantzuak» azaltzen ari diren.

Administrazioak hasierako prezio bat finkatu ohi du lehiaketara atera behar duen obraren gainean; enpresek eskaintzak egiten dituzte; eta sarri adjudikazio prezioak hasieran finkatutakoak baino %35 edo %40 merkeagoak izaten dira, kasu batzuetan baita erdi preziokoak ere.Ascobik administrazioei eskatu die mugatzeko gehiegizko merkatze horiek. «Administrazioarentzat interesgarriak izan daitezke beherapen horiek, dirua aurrezten dutela uste dutelako, baina epe luzera ekonomiarentzat oso garrantzitsua den sektore baten desagertzea dakarte», azaldu du Iñaki Urresti idazkari nagusiak.

Haren esanetan, ez da beharrezkoa adjudikazio irizpideak aldatzea, baduelako logika eskaintzarik merkeenak jasotzea puntu gehien. Alabaina, eskatu du «gehiezko beherapenak» ez saritzeko puntuazio ekonomikoan. «Administrazioak jartzen du hasierako prezioa, suposatzen da kostuak aztertuta. Behin portzentaje batetik aurrera argi dago ekoizpen kostuen azpitik ari dela enpresa hori, horrek dakarren guztiarekin».

Berriki izan da merkatze horren adibideetako bat, Adifek abiadura handiko trenaren zati bat hasierako prezioa baino %50 merkeago adjudikatu baitu. Gogoratu du enpresak derrigortuta daudela lehiaketa horietan parte hartzera, bestela ez dutelako lanik eta desagertu egingo liratekeelako. Hain zuzen, herri lanak dira gaur egun sektorearen sostengu, etxegintza ez delako suspertzen. Joan den urtean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1.039 milioi adjudikatu ziren herri lanetan, 2013an baino %97 gehiago. Dena den, 2009ko datuekin alderatuta, laurdena pasatxokoa da kopuru hori, 3.589 milioi adjudikatu baitziren orduan. Ascobiren esanetan, obra handiek ez dute hainbeste enplegu sortzen, gehiago sortzen dira «espaloiei» esker.

Patronalak emandako datuen arabera, krisia hasiz geroztik, eraikuntzako 25.000 enplegu zuzen desagertu dira Bizkaian, erdiak alegia. Iaz jaitsiera hori eten egin zen. Etxebizitzen prezioak, berriz, merkatzen segitzen du. Berriak, batez beste, %7,5 merkatu ziren joan den urtean, eta 2.989 euro egin zuen metro koadroak. Bigarren eskukoetan %3,4koa izan zen jaitsiera, eta 2.595 euro ordaindu ziren batez beste metro koadroagatik.

Hurrengo bizpahiru urteetan etxe berri gutxi salduko direla iragarri du Ascobik, ez direlako egiten. Gaur egun, 4.284 etxeko stock-a du Bizkaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.