Bizkortuz doaz munduko herrialderik behartsuenen kanpo zorra nolabait arintzeko beharrezko akordioak. Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren eskariei jarraituz, G7ko herrialdeek —AEBak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Kanada eta Japonia— adostu dute zor horren ordainketak urtebetez atzeratzea 76 herrialderi, baliabide horiek erabil ahal ditzaten koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko.
G7aren ondoren, orain G20ko herrialdeen txanda iritsi da. Gaur egin dute bideo bilera gaiari buruz, eta ekimen orokorrerako oztopo nagusiak gainditu dituzte, hots, Txinaren erreparoak. Txinak egin izan ditu horrelako keinuak zorpetutako hainbat herrialderekin, baina beti mailegu emailearen eta hartzailearen alde biko harremanen eta trukeen ostean. Asiako herrialdetzarra da, gainera, kanpo zor horren mailegatzaile nagusietan bigarrena. Azken asteetan, ordea, Txinari gero eta gogorrago egin zaio bere jarrerari eustea, erakunde multilateralen eta beste herrialde aberatsen presiopean.
76 herrialde zaurgarri horietatik 40 dira Afrikakoak, eta gainerakoak Kariben eta Asian daude. Haietan bizi dira munduko biztanleen laurdenak, eta haietatik bi heren bizi dira muturreko pobrezian. Baliabide gutxirekin, haien gobernu eta osasun sistema ahulek are zailagoa dute birusaren hedapena galaraztea, eta gaitzaren aurpegi ilunena, heriotzak, saihestea.
Herrialde horietako ekonomia zaurgarriei, gainera, bereziki kalte egin die jada krisi globalak. Besteak beste, ekaitz finantzarioan gora egin duen gauza bakarra, praktikan, dolarra izan da, eta, hain zuzen, kanpo zorra orain garestiagoa zaien diru horretan ordaindu behar dute herrialde txiroek. Bestalde, tupusteko geldialdiaren eraginez, kalte egin dio herrialdeon baliabide nagusien prezioari, lehengaiena, hain justu. Eta herrialdeontzako beste aberastasun iturri nagusia ere, turismoa, bat-batean desagertu zaie.