Lantegiak sortzen eta indartzen laguntzea, herritarren dirua enpresen eta enpleguaren alde ezarriz. Horra laburbildua Herrikoaren xedea. Laster 30 urte beteko ditu, eta beti horretan jarraitzeko asmoz kapitala goititzeko kanpaina abian jarri du.
Akzio harpidetzari esker, milioi bat euro eta mila akziodun berri lortzeko asmoz hasi du kanpaina, eta urtarrilera arte iraungo du. Gaur egun 2,6 milioi eurokoa du kapitala, eta 4.165 akziodun ditu. Horietarik 3.200 pertsona fisikoak dira. «Kopuru ederra», Herrikoako arduradunen ustez, eta handitzea inportanta zaie. Herritarren parte-hartzea duelako Herrikoak bere indarra eta segurtamena: «Herritarrei Euskal Herriko ekonomiaren aktore izateko aukera ematen diogu», Pierre Mendiburu Herrikoaren lehendakariaren hitzetan. Eskuragarritasuna segurtatzeko-edo, akzio bat 50 euroren truke eros daiteke. Eta 300 euro emanez gero lanpostu bat bizirik atxikitzen laguntzen ahal dela estimatu du.
Kanpainari esker, Euskal Herrian jarri berri diren biztanleak ere hunkitu nahiko lituzkete. Herrikoa ezagutzen ez dutenei begira, elkartasunezko aurrezkien ezagutarazteko helburua duen Finansol ziurtagiriak leiho bat gehiago ematen dio, baita elkartasunean oinarritu enpresei definizioa zehazten duen martxoko dekretuak ere. Herrikoa hala dela berresten du horrek ere.
2.575 lanpostu sortu dituzte
Zortzigarren aldia da kapitala goititzeko akzio harpidetza kanpaina abiarazten duela. Orain arte daramaten lana bera jarraitzeko finantzabide berriak beharrezkoak dituzte, eta, orain, gainera, krisiaren zailtasunak gaintzen laguntzeko ere prest izan nahi dute.
Sortu denetik, Herrikoak 8,7 milioi euro inbertitu ditu. 316 enpresa proiektu eta 2.575 lanpostu sortzen edo zutik atxikitzen lagundu du.
Azken urtean lagundu enpresen artean honakoak daude: jantzi biologikoak saltzen dituen Amalur (Ahetze, Lapurdi), Interneteko programen garapenaz arduratzen den Matsiya (Angelu, Lapurdi), kirolarientzako zaintze produktuak ekoizten eta saltzen dituen Presto (Maule), Belaun haragia lantzeko kooperatiba (Aldude, Baxenabarre), kirol itsasontzien Dorguloff (Hendaia, Lapurdi) eta tresna bereziak egiten dituen Semso (Baiona).
Herrikoak milioi bat euro lortu nahi du, tokiko enpresen indartzeko
Herritarrak, enpresak erakundeak eta bankuak helburu dituen akzio harpidetza kanpaina hasi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu