Hesseko Gobernuak aitortu du Magna dela Opel erosteko hautagai nagusia

Fiatek egindako proposamena espero zutenaren aldean «urrun» geratu dela azaldu du

Miren Garate.
2009ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Hiru enpresak agertu dute orain artean Opel erosteko interesa: Magnak, Fiatek eta Ripplewoodek. Alemaniako Hesse estatuan du egoitza nagusia General Motorsek Europan duen mendeko adarrakadarrak. Hango Gobernuak jakinarazi duenez, Magna da hautagai nagusia. «Haren eskaintza da Alemaniako politikarien eta langileen nahi eta esperantzetara gehien hurbiltzen dena», esan du Roland Koch gobernuburuak. Fiatek egindako eskaintza espero zutenaren aldean «urrun» geratu dela gaineratu du. Alemaniako Gobernuak, oraingoz, ez du ezer esan nahi izan.

Fiatek ez bezala, Magnak ez du osorik erosi nahi Opel. %55 eskuratzeko proposamena egin du. Berak %20 erosiko luke, eta gainerako %35 bere bazkideek, GAZ Errusiako auto enpresak eta herrialde horretako banku nagusia den Srebankek, hain zuzen. Gainerako %35 General Motorsen esku geratuko litzateke, eta %10 langileen esku. Orain arte emandako datuen arabera, Europan dituen 55.000 postuetatik 10.000 suntsitu nahi ditu Magnak. Hori bera egingo lukete Ripplewoodek eta Fiatek ere.

GeneralMotors porrot egitear

Opelen egoera ekonomikoa bezalaxe, larria da haren jabearena. The Washington Post egunkariak argitaratu duenez, Barack Obama AEBetako presidentea prest dago datorren astean bertan enpresak porrot egin duela aitortzeko. Ondoren, Gobernuak 30.000 milioi dolar emango dizkio berregituraketa planerako. Ekainaren 1era arteko epea du plan hori aurkezteko. Autogileak abendutik 15.000 milioi dolar jaso ditu diru publikotik.

Bien bitartean, Fritz Hendersonek zuzentzen duen enpresa langileekin akordioa lortu nahian dabil lan kostuak murriztu ahal izateko. Dagoeneko hainbat neurri adostu ditu ordezkari gehien dituen UAW sindikatuarekin. 7.500 langilek emango beharko diote oniritzia orain. AEBetan ez ezik, Kanadan ere lortu dute akordioa sindikatu horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.