Lan segurtasuna

Hil egin da Urnietako Esnelat enpresan ezbeharra izan zuen gaztea

"Ez da kasualitatea izan, aspalditik bagenekielako zerbait larri gerta zitekeela", salatu du Haritz Aiestaran lan batzordeko presidenteak, ezbeharraren aurka protesta egiteko goizean egin den elkarretaratzean.

Esnelat enpresan izadako ln istrpu hilgarria salatzeko enpresa batzordeak antolatutako elkarretaratzea. LAB SINDIKATUA
Ivan Santamaria.
2016ko uztailaren 1a
12:11
Entzun

Atzo Urnietako Esnelat enpresan lan istripua izan zuen 25 urteko gaztea hil egin da, Donostia ospitaleak eta Osakidetzak Europa Press eta Efe albiste agentziei emandako informazioaren arabera. Ezbeharra atzo gertatu zen, 10:40an. Lanean ari zela, gaztea sei eta zortzi metro bitarteko altuera batetik erori zen. Donostia ospitalera eraman zuten ondoren, egoera kritikoan.

Istripuaren ondoren enpresako zuzendaritzaren aurka jo dute sindikatuek. Lan batzordeko ordezkariek uste dute egoerari buruz behin eta berriro egin dituzten oharrei ez entzunarena egin zaiela, eta ezbeharra izan dela horren ondorio. Batzordeko buruak, LAB sindikatuko Haritz Aiestaranek, sindikatuen ezinegona azpimarratu du, istripua salatzeko lantegiaren aurrean egin den elkarretaratzean. «Ez da kasualitatea izan, aspalditik bagenekielako zerbait larri gerta zitekeela».

Aiestaranen arabera, Esnelatek aldi baterako langileen tasa handia du, eta gabeziak ditu segurtasun protokoloetan eta prestakuntza ikastaroetan. Bi urte zeramatzan enpresan hildako gazteak, aldi baterako kontratuak kateatzen. Aiestaranek azpimarratu du heriotza eragin duen lan prekaritatearen «gakoak» hauexek direla: «gaztea, aldi baterakoa eta esperientzia handirik gabekoa».

Batzordean ordezkatuta dauden hiru sindikatuek —LAB, ELA eta CCOO— elkarretaratzera deitu zuten gaur eguerdirako Urnietan. 200 lagun baino gehiago elkartu ditu ezbeharraren aurkako protestak, Prekaritatea hiltzailea leloaren atzean. Lankide gehienek bat egin dute deialdiarekin, eta gaztearen adiskideak eta Erratzu industrialdeko beste enpresa batzuetako langileak batu zaizkie.

Urnietakoa ez da izan aste honetako istripu larri bakarra. Atzo bertan 41 urteko beste langile bati ezker oina erauzi zioten, Gasteizko Zorelor enpresako makina batean hanka harrapatuta geratu ondoren. Asteartean, berriz, Erandioko supermerkatu bat zaharberritzen ari zen 38 urteko langile bat hil zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.