Iberiak (+%11,78) eta British Airways hegaldi konpainiek hil gabe (edo aurretik) lur hartzea hobetsi dute, euren bategitea iragarriz. Talde berriaren %45 izango da Iberiako akziodunena, %55 Britishekoena. Bolo bolo zebilen kontua izan arren, Ibex-35 (+%0,28) erdi lo zebilela iragarri zuten. Guztira salerosi ziren 2.176 milioietatik, 92 mugitu zituen aire garraio konpainiak eta 6,5 puntu eman zizkion orotara 33 irabazi zituen Ibex-35i. Ohikoa denez, bi erraldoiek gidatu zuten tropela: Edurnezurik (+%1,26) eta Santanderrek (+%0,48) 33 eta 13 puntu gehitu zizkioten, hurrenez hurren, indize nagusiari. Espainiako FROB erreskate funtsak bere lehen 3 mila milioiak lortu zituen egun berean, Britishekoen pentsio funtsei buruzko klausula baino ez du Iberiak jarri. Baina aire garraioan nahiz finantza sektorean, berregituraketa premia bistakoa da. Dolar sendo baten premia ere aireratu du AEBetako Altxorraren buruak. Inork ez du hil nahi.
Bolsas y Mercados. Dibidendu eta kapital errenten gaineko zerga 2010ean igoko denez, Espainiako hainbat enpresa, urtarrilean ordaindu ohi dituzten dibidendua aurreratzea aztertzen ari dira. Akziodun txikiei zerga zama arinduko lieke neurriak eta Bolsas y Mercadosek (-%0,3), adibidez, abenduak 22rako iragarri du berea. Besteak beste, Bankinter (+%0,54), FCC (-%0,66), Iberdrola (+%0,16), BBVA (-%0,04), Acciona (+%1,02), Popular (-%1,05) nahiz ACSk (+%0,09) ere asmo bertsuak izan ditzakete. Dibidendu gordinaren %18 kendu ordez, %19 kenduko die Ogasunak.
Hil gabe lur hartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu