Azken urteotako datuei erreparatuta, ikusten da apirila izaten dela hilabete batetik bestera prezioak gehien garestitzen diren hilabeteetako bat. Ez da salbuespenik izan aurten. INEk jakitera eman duenez, martxotik %0,9 garestitu dira gehien kontsumitzen diren produktuak. Iazko apirilera arte egin behar da atzera halako beste igoera bat aurkitzeko, orduan ere %0,9 egin baitzuen gora kontsumo prezioen indizeak (KPI). Maila horretatik gorako azken igoera, berriz, 2012ko apirilean (%1,3) izan zen.
Gehienbat arropa eta oinetakoak garestitu dira, %9 baino gehiago, eta garraioari lotutako kostuek ere gora egin dute, erregaien eraginez. Aste Santua ere apirilean egokitu denez, ostatuak %9 inguru garestitu dira.
Dena den, inflazioak negatiboan jarraitzen du. Iaz baino %0,5 merkeago daude salneurriak. Martxotik hamarren bat egin du gora diferentziak, orduan %0,4koa baitzen urtearteko inflazio negatiboa. Urte erdia darama jarraian zenbaki gorritan.
Hego Euskal Herriak ez bezala, euroguneak apirilean gainditu du deflazioa, nahiz eta prezioak ez diren garestitu. Eurostaten arabera, prezioak iazko mailan mantendu dira azken hilabetean.