Hilabetean prezioak %0,6 igo, eta inflazioa %4,9ra iritsi da

Batez ere petrolioaren eta elikagaien garestitzeak eragin du prezioen igoera Hego Euskal Herrian

jakes goikoetxea
2008ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Prezioen garestitzea ia %5era iritsi da Hego Euskal Herrian urtebetean, azken hamahiru urteetako mailarik altuenera. Iazko ekainetik aurtengora prezioak %4,9 igo dira. Maiatzetik ekainera, %0,6. Eta urtarriletik, %2,5. Urte erdian jada prezioak Espainiako Gobernuak urte osorako aurreikusitako %2a baino gehiago garestitu dira. Araban prezioen igoerak %5eko muga gainditu du (%5,3) eta Gipuzkoan prezioak %5 igo dira urtebetean. INE Espainiako Estatistika Erakundeak atzo eman zituen Kontsumorako Prezioen Indizeari (KPI) buruzko datuak.

Petrolioa eta elikagaiak. Horien prezioaren igoerak eragin du prezioen igoera orokorra. Izan ere, garraio gastuak izan dira gehien garestitu direnak Hego Euskal Herrian. Garraioa %10 inguru garestitu da iazko ekainetik aurtengora lau probintzietan. Urte hasieratik izandako igoe- ra ere nabaria da: %6 eta %7 artean.

Elikagaien prezio igoera ere handia izan da urtebetean: %8,8 Araban, %7,6 Gipuzkoan, %7 Nafarroan eta %6,9 Bizkaian. Eta elikagaien artean, nabarmenena, esnearena izan da: iazko ekainetik %24,1 garestitu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %22 Nafarroan. Hala ere, esnearen prezioak behera egin du urte hasieratik ekainera.

Etxebizitza gastuek ere gora egin dute, %5 eta %8 artean lau probintzietan. Hala ere, aintzat hartu behar da KPI kalkulatzeko aldagaien barruan ez daudela etxebizitza maileguak.

Sindikatuak, kezkatuta

ELAk erregaien eta elikagaien garestitzeak nabarmendu ditu. Eta elikagaien artean birenak: esnea eta ogia. Espekulazioa da, sindikatuen iritziz, oinarrizko elikagaien garestitzearen arrazoi nagusia. «Datuek erakusten digute prezioen igoerak ez duela zerikusirik ekoizleen igoerarekin. Igoeraren benetako eragileak bitartekariak dira».

Prezioen igoera ikusita, ELAk uste du agerian geratu dela negoziazio kolektiboan soldatak aurreko urteko benetako KPIren arabera igo behar direla, «eta ez urte horretarako aurreikusitako KPIaren arabera».

Ildo horretan, LAB sindikatuak gaitzetsi egin ditu soldaten igoerak inflazioaren bilakaerari ez lotzeko egindako eskaerak.

Erregaien eta elikagaien garestitzeaz gain, LABek etxebizitza maileguen garestitzeak etxeetako aurrekontuetan dituen ondorioak ere nabarmendu ditu. Sindikatuaren datuen arabera, hipoteka maileguak %9 igo dira urtebetean, «hau da, mila euro inguru urtean».

Europako Banku Zentralaren politika egin du horren errudun: «Interes tasak igoz, inflazioaren kontrako borroka familien poltsikoetan oinarritu nahi du».

CCOOk, prezioen igoera ikusita, oinarrizko ondasunen eta zerbitzuen prezioaren kontrola eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

CCOOren esanetan, KPI eta herritarrek bizimoduaren kostuaz duten sentipena ez datoz bat: «Oso kezkagarria da oinarrizko ondasunen eta zerbitzuen garestitze burugabea: esnea, ogia, oilaskoa, arrautzak... Eta hilabete honetan arrain freskoa eta patata. Horiren prezio igoera %4,9baino nabarmen handiagoak izan dira».

ELAk egindako azterketaren ildotik, CCOO kexu da hainbat langileren soldatak KPIren aurreikuspenaren arabera igo zirelako eta beren hitzarmenetan igoerak berrikusteko klausularik ez dagoelako.

UGTk uste du krisi ekonomikoa gertatzen ari dela. «Baina horrek ez du langileen eskubideen krisia ekarri behar», sindikatuaren esanetan.





############



Garraioa %10 inguru garestitu da iazko ekainetik aurtengora Hego Euskal Herrian

Urtebeteanesnearen prezioa %24,1 igo da EAEn,eta %22 Nafarroan





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.