ArcelorMittaleko Sestaoko langileek onartu egin dute aparteko sarien sistema eta oporren egutegia berriz negoziatzea. CCOOk jakinarazi duenez, horrek aukera emango du lantegiaren irekitze prozesuari ekiteko. Berehala hasiko dira txatarra eramaten eta makineria martxan jartzen. Espero dute langileak maiatzaren 21ean itzultzea lanera eta ekainaren hasieran berriz ekoizten hastea.
Iazko azaroaz geroztik, geldirik dago Arcelor Mittalen lantegia —lehengo Aceria Compacta Bizkaia (ACB)—. 450 beharginak, berriz, erregulazioan. CCOOren arabera, Ezkerraldeko industria jarduerarentzat eta enpleguarentzat «albiste ezin hobea da» lantegia berriz martxan jartzea. «Gainerako enpresentzat ere motorra da, lanpostu bakoitzeko zeharkako beste lau sortzen baititu».
Joan den astean ere egin zuten beste bozketa bat lantegian. Bost langilek soilik babestu zuten ELAk, CCOOk eta UGTk zuzendaritzarekin lortutako akordioa. LABek salatu zuen langileen eskubide historikoei uko egitea adostu zutela sindikatu horiek eta enpresak, eta gaineratu zuen enpresak mehatxu egin ziela beharginei. «Esan zien maiatzaren 28rako zegoela finkatuta berriz hasteko data, baina proposamena onartzen ez bazuten erregulazioan jarraituko zutela nahiz eta lan karga egon».
Ekoizpena lekualdatzen
Irurtzungo Inasak ere aldatu nahi ditu lan baldintzak. Apirilaren 2an, soldatak %35 murriztea eta lanaldia 50 orduan igotzea proposatu zuen. Langileek mugagabeko grebari ekingo ziotela jakinarazi zuten joan den astean. Gaur da hastekoa protesta.
LABek azaldu duenez, ostiralean, Poliziaren laguntzarekin, ekoizpena Zornotzara eta Gandiara (Herrialde Katalanak) lekualdatzen hasi zen enpresa. Alcoa taldekoa da Inasa, eta harenak dira bi lantegi horiek ere. Irurtzungo fabrika itxi eta 180 langileak kaleratzeko mehatxua ere egin duela adierazi du sindikatuak.
Hilaren 21ean lanera itzuliko dira Sestaoko ArcelorMittaleko langileak
Aparteko sarien sistema eta oporren egutegia berriz negoziatzea onartu dute beharginek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu