Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak jakinarazi duenez, bart 27 urteko langile bat hil da Zumaian (Gipuzkoa), Okin elikagai enpresan izan den istripuan —Jose Mari Korta industriagunean—. Ezbeharra 03:00ak aldera gertatu da. Artadi enpresarentzat lan egiten du Okin lantegiak.
Ogia egiten dute Okin enpresan. Langilea fermentazio kubeta batetik erorita hil da. Hura artatzera joanda, 10 langile zauritu dira metano gasa arnastuta; baita larrialdi zerbitzuetako langile bat. Bi Zarauzko erietxera eraman dituzte, beste bi Mendaroko ospitalera eta hiru Donostiako ospitalera.
Donostiako ospitaleko zauritu bat zaintza berezien gunera eraman dute eta, gainontzekoak, behaketa zerbitzuetan daude. Arnasteko arazoak zituzten beste lau langile enpresaren atarian bertan artatu dituzte, anbulantzietan.
Okin enpresako langileek 24 orduko geldialgia egingo dute gaurtik hasita eta, gainera, elkarretaratzea egindo dute bihar lantegiaren aurrean; "Senideei dolumina erakutsi, ezbeharra salatu eta lan segurtasuna bermatzea eskatzeko".
LAB sindikatuaren datuen arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan edo lan baldintzen ondorioz hil den 27. behargina da gaurkoa. 2011n horrela 80 langile zendu zirela dio LABek, 2010ean 84, 2009an 85, 2008an 112, 2007an 125.