Lan istripuek euren ondorio dramatikoak uzten jarraitzen dute 2014. urte honetan ere. Jadanik 11 dira lanean hildakoak ELAren zenbaketaren arabera. Atzo Donostian hildako behargin bat da zerrenda beltzeko azkena. Aldamio batetik erori zen, eta jasotako zauri sakonek heriotza eragin zioten berehala. Aldamio horrek berak beste bi lankide harrapatu zituen Amenabar enpresak azpikontratatutako obra batean, eta haiek zauriturik gertatu ziren. 17.00etan gertatu zen istripua Amerika Plazan, Errotaburu auzoan. Handik gutxira anbulantziak bertaratu ziren, baita suhiltzaileak ere. Aldamio azpian zeuden langileak ateratzeko lanetan aritu ziren haiek.
Erredurak gorputzean
Donostiakoa ez zen izan atzoko lan istripu bakarra. Gas propanoa zeukan andel baten mantentze azterketa egiten ari zen beste behargin bat zauritu zen Azkoitian, Umansoro industrialdean. Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, aurpegian eta eskuetan erredurak zituela eraman zuten 42 urteko langilea Gurutzetako ospitalera. Suhiltzaileek istripuaren lekua arakatu, eta, biltegia aztertu ondotik, esan zuten ez zegoela arriskurik.
Aurreko urteko istripuen balorazioa egin zuen LAB sindikatuak orain bi aste, eta esan zuen sei minutuan behin lan istripu bat izaten dela Hego Euskal Herrian. Nabarmendu zuen lan baldintzak ez direla hobetu nahiz eta azken urteotan lan ezbeharrak gutxitu diren.