Hipoteka gutxiago eta txikiagoak eman dituzte irailean Hegoaldean

Irailean iaz baino %13 mailegu gutxiago eman dituzte, eta batez besteko hipoteka ia 7.000 euro murriztu da

Donostia
2009ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Irailean ere aurreko hilabeteetako joerari eutsi die Hego Euskal Herrian etxebizitzak erosteko emandako hipoteka maileguek. Hau da, mailegu gutxiago eta txikiagoak eman dituzte. Hain zuzen, 3.384 mailegu eman dituzte banku eta aurrezki kutxek, aurreko urteko irailean baino %13 gutxiago; 3.886 izan ziren orduan.

Datuak probintziaka hartuta, guztietan beheranzko joera nagusitu dela ikus daiteke. Gipuzkoa da buruan, aurtengo irailean iazkoan baino %25 hipoteka mailegu gutxiago eman baituzte; Bizkaian %12 pasatxokoa izan da jaitsiera; Nafarroan %7koa; eta Araban %1,5ekoa.

Finantza erakundeek maileguan utzitako kapitala ere %17 murriztu da urtebetean. Aurtengo irailean, orotara, 461 milioi euro utzi dituzte; iaz, aldiz, 556 milioi euro. Mailegu bakoitzaren zenbatekoa, berriz, 6.819 eurotan txikitu da hamabi hilabetean. Iazko irailean, batez beste, 143.019 euroko maileguak eman zituzten Hego Euskal Herriko banku eta aurrezki kutxek, eta 136.200 eurokoak aurten.

Hipoteka maileguetan emandako diru kopurua probintzia guztietan jaitsi da urtebetean: Gipuzkoan %28, Araban %15, Bizkaian %12 eta Nafarroan %11. Mailegu bakoitzaren zenbatekoak, ordea, ez du joera bera izan probintzia guztietan. Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan aurtengo irailean emandako hipoteka bakoitza iaz emandakoa baino %14, %4 eta %5 txikiagoa izan da, hurrenez hurren. Bizkaian %0,6 igo da mailegu bakoitzaren zenbatekoa; iazko irailean batez beste 148.230 euroko hipoteka maileguak eman zituzten; aurten, berriz, 149.150 eurokoak izan dira.

Etxebizitzak merkatzen

Bizkaian, etxebizitza berriak %6,5 eta bigarren eskukoak %8,5 merkatu dira aurtengo lehen seihilekoan, Bizkaiko Eraikitzaile eta Sustatzaileen Elkarteak jakitera eman duenez. Hala ere, «baikorrak» izateko arrazoiak badituztela uste du Iñaki Urresti elkarteko gerenteak. 2009ko bigarren seihilekoan etxebizitza gehiago salerosten ari direla eta merkatua pixkanaka bere onera itzultzen hasiko dela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.