Atzo euskal herritar askok eta askok hasi zuten hainbeste esperotako opor garaia. Autoa hartu, eta hegoalderantz abiatu ziren haietako asko. Haien antzera, beherantz doa hipoteka gehienak kalkulatzeko erabiltzen den Euribor indizea ere. Hain justu, hamar hilabete bete ditu norabide horretan, eta uztailean %1,412 mailan geratu da. Eguneko kotizazioak ere 39 egun egin ditu jaisten, eta atzo gutxieneko markak hausten jarraitzen zuen: %1,355.
Hilabete batetik bestera beherantz egiteak ez du esan nahi hipotekak merkatu egingo direnik, baina azarotik hona halaxe egiten ari da. Zergatik? Hipoteka gehienak urtean behin berritzen direlako, eta lehen aldiz orduan egon zelako aurreko urteko mailaren azpitik. Ordutik merkatzen joan dira kuotak, eta uztailean ere berdin: iaz %5,393an zegoenez, datozen asteetan hipoteka berritzea tokatzen zaienek 330 eurotik gora aurreztuko dute, %30 inguru.
Mailegua ordaintzeko epe motzena daukaten herritarrei ere-hamar urte- dagoeneko 300 euro jaitsiko zaie kuota. Hala ere, herritar gehienek hortik gorako amortizazio epea dute. Kasu horietan zenbat eta epe luzeagoa eduki dirua itzultzeko, orduan eta gehiago jaitsiko da kuota. Esaterako, 25 urteko epea dutenei 349 euro, eta 30 urtekoa dutenei 364 euro. Nabarmentzekoa da erdia merkatuko zaiela kuota 50 urteko amortizazio epea dutenei: iaz 830 euro ordaintzen bazituzten, aurten 414 euro.
Aipatutako adibideetan 160.000 euroko hipoteka bat, eta %0,5eko diferentziala duena hartu da erreferentziatzat.
Muga jotzear
Euriborrak beheraka jarraitu arren, hainbat adituren arabera, azkar joko du muga.EBZ Europako Banku Zentralak interes tasak %1ean uzteko asmoa daukala uste dute, eta horrek murriztu egiten du beherakada gehiago izateko tartea.
Hain zuzen, Euriborra interes tasen arabera jaitsi edo igotzen da. EBZk igotzen dituenean gora, eta jaisten dituenean, behera. Horren adibidea da, hain justu, urriaren 8an interes tasak jaistea erabaki zuenean hasi zela indizearen beherakada luzea.
Euriborra %1 horren bueltan geratu arren, hilabete batzuetarako, behintzat, hipotekak merkatzen jarraitzea espero da. Izan ere, iazko urrira arte %5etik gora zegoen Euriborra, eta hortik aurrera beheraka hasi arren, altu jarraitzen zuen. Orain, ordea, inoizko mailarik txikienean daude, eta, horrenbestez, merkatuz joango dira kuotak.
%5eko maila horretatik gora egon ziren hilabeteetan, gainera,-abuztua, iraila, urria- merkatze handiak espero dira. Hain zuzen, iazko Euriborraren eta aurtengoaren arteko aldea handiaizango delako.
Hala eta guztiz ere, merkatze horiek ez die hipotekadun guztiei eragingo. Badaezpadako neurri bezala banku batzuek zoru klausulak deritzanak jartzen dituzte hipoteka batzuetan. Hala, Euriborrak behera eginagatik ere muga bat edukiko du. Hortaz, muga horretatik behera geratzen bada, minimo hori ordaintzera behartuta dago bezeroa.
Kontuan hartzeko beste alderdi bat ere badago. Orain onartzen diren hipoteka berrietan diferentzialak igo egin dira: %1etik gora eta baita gehiago ere.
Hori edo finantza erakundeek kredituaren iturria ixtea izan daitezke jendea etxea erostera ez animatzeko arrazoietako batzuk. Izan ere, INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera, Hegoaldean hipoteka berriak jaitsi egin baitira maiatzean. Nafarroan iazko maiatzeko mailan mantendu diren arren, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %25eko beherakada izan dute.
Halere, Nafarroako joera ezberdina da, apiriletik maiatzera igo egin baitira hipotekak, eta nabarmen gainera: %48tik gora.
Hipotekak %30etik gora merkatuko dira, 330 euro baino gehiago
Euriborrak hamar hilabete daramatza behera egiten, eta uztaileko batez bestekoa %1,412an geratu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu