Hipotekak garestitu egingo dira, ia bi urtean lehenengo aldiz

160.000 euroko mailegua dutenei sei eta zortzi euro artean igoko zaie hileroko kuota

Donostia
2010eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Herritarren patrikek poz gutxi izan dute aspaldian. Lanik ezak, soldata jaitsierek eta zerga igoerek estualdian jarri dituzte familia asko. Bitxia bada ere, Euriborra izan da arnasa pixka bat eman dien bakarra, hipotekak merkatu dituelako. Baina bukatu dira beherapenak, momentuan bederen. Hipoteka berritzeko erreferentziatzat abuztuko Euriborra hartzen dutenek gehixeago ordaindu beharko dute aurrerantzean. 2008ko urriaz geroztik lehen aldiz garestituko dira hipotekak.

Igoera ez da izango handia. Batez besteko hipotekadun batek-160.000 euro 30 urtean itzultzeko, %0,5eko diferentzialarekin- hilean 578 euro ordaintzen zituen orain arte; eta hilean 585 euro izango dira hemendik aurrera. Hilean 6,89 euro gehiago pagatu beharko ditu (%1,19); urtean 82,68 euro, hain zuzen. Mailegua amortizatzeko hitzartutako epearen arabera, alde hori txikiagoa edo handiagoa izango da, baina inori ez zaio hileroko kuota zortzi euro baino gehiago garestituko.

Hipoteka maileguak kalkulatzeko indizerik erabilienak 2008ko uztailean jo zuen goia, %5,39tik gorako batez bestekoa erdietsita. Beherantz hasi zen orduan, balaztarik gabe. Eta%1,2an bukatu zuen iragan martxoa, inoizko mailarik txikienean. Orduz geroztik, motel baina gorantz egin du bost hilabetez jarraian. Ekaina %1,281ean amaitu zuen, %1,373an uztaila, eta, gaur gorabehera handirik jazo ezean, %1,421ean bukatuko du abuztua.

Kezkatzeko arrazoirik ba ote?

Datozen hilabeteetan zer egingo duen, hori da batere argi ez dagoena. Normalean, euroguneko interes tasa orokorren arabera igotzen edo jaisten da Euriborra. Bien bilakaerak lotuta daude, nahiz eta inoiz kontrakorik erakutsi duten. Euroguneko interes tasak, berriz, Europako Banku Zentralak erabakitzen ditu. Aspaldian %1ean dira tasa horiek, horrek ekonomia egonkortzeko eta herrialdeei beren onera bueltatzen laguntzeko balioko duelakoan. Egoerak hobera egin ahala, interes tasak igotzea litzateke EBZren asmoa. Eta horretarako une aproposena hautatzea izango du erronka.

Aditu batzuen irudiko, Alemaniak azken egunotan plazaratu dituen datu ekonomikoak baieztatzen badira, herrialdea hain ondo errekuperatzen ari bada, EBZk laster igoko ditu interes tasak, presio handia egingo diotelako. Urtea amaitzerako puntu laurdeneko igoera aurreikusten dute, eta hilabete batzuen buruan interesak %2 edo %2,5ean izango direla. Horrelako erabaki bat garaiz lehen hartzeak, baina, zenbait herrialde are egoera okerragora eramango lituzkeela diote; Espainia esaterako, burua altxatzen hasteko interes tasa ahalik eta baxuenak behar dituelako.

Hori hala balitz, Euriborrakigotzen jarraituko luke datozen hilabeteetan, urtea %1,5 inguruan bukatzeko. Eta hipoteka datorren urtearen hasieran berritzen dutenei hogei euro inguru garestituko litzaieke hileroko kuota, urtean 230 euro, gutxi gorabehera.

Baina badira bestelako ustea duten adituak ere, oraingoz behintzat hipotekak kalkulatzeko erabiltzen den indizea askoz gehiago igoko ez dela pentsatzen dutenak. Haien arabera, oraindik ere tentsioa da finantza merkatuetan jaun eta jabe. Eurogunean inflazioa arriskurik igartzen ez den bitartean EBZk interes tasak bere horretan utziko dituela uste dute, eta, horrebestez, Euriborrak oraingo mailan jarraituko duela, unean uneko gorabeherekin.

Indizeak abuztuan egunez egun izan duen bilakaerak ere, ez die larritzeko biderik ematen hipotekadunei. Martxotik abuztuaren erdi aldera arte goranzko joerari eutsi zion, gainbeherarik gabe. Baina abuztuaren erdi aldera beherantz hasi zen, eta hala jarraitu zuen gutxienez atzo arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.